Itxi

2021/05/01

08:16

Ekonomia

MAIATZAK LEHENA

Pandemiak larriagotutako lan-gatazkak

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Aitziber Aranberri Donostiako Villa Sacramento egoitzako langileak (ELA), Oihana Guenaga ITP Aerokoak (LAB) eta Borja Perez Tubacexekoak (CCOO) gaur plazaratuko dituzten mezuak azaldu dizkigute.

  • Tubacex, ITP Aero eta Gipuzkoako erresidentzietako langileen protestak.

    Tubacex, ITP Aero eta Gipuzkoako erresidentzietako langileen protestak.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Zaintzaren alorra, aeronautikarena, ostalariena edota metalarena. Luzea da covid-19aren pandemiaren erasana modu bortitzean pairatzen ari diren sektoreen zerrenda. Milaka langile kaleratzea ekarri du osasun krisiak, eta beste milaka beharginen lan-baldintzek okerrera egin dute, nabarmen. Patronalak egoera “bere mesedetan aprobetxatu” duela esatean bat datoz sindikatu guztiak, eta erakunde publikoei langileen eskaeren alde behar beste ez egitea leporatzen diete.

Gaur, maiatzak 1, kalera aterako dira kolore guztietako sindikatuak Euskal Herri osoan, bakoitza bere leloarekin, baina eskakizun nagusi batekin: lan-baldintza duinak, langile guztientzat. Dozenaka dira antolatu diren mobilizazioak herri eta hirietan. EAEn, hori bai, mugikortasun arauak bete egin behar direla ebatzi du asteon Justizia Auzitegi Nagusiak, eta herritar askok ezin izango dute hiriburuetako mobilizazioetan parte hartu.

Azken hilabeteotan lan-gatazken inguruko lerroburuetako protagonista izan direnetako hiru lekukotza jaso ditugu, begirada gaurkoan jarrita. Ahotsa inoiz baino ozenago altxatzeko premia nabarmendu dute denek, eta horretara aterako dira gaur kalera.

Aitziber Aranberri, Donostiako Villa Sacramento zaharren egoitzako langilea (ELAko ordezkaria)

"Gure aldarrikapen nagusia gure lan-baldintzak hobetzea da, eta hori eskatzera aterako gara kalera. Azken urtebetean, pandemiaren aitzakian, langile askoren baldintzak are gehiago okertu dira. Krisi honek bete-betean kolpatu gaitu, zentzu guztietan, eta gaizki pasatu dugu langileok. Gure lanarekiko errekonozimendu bat egon bada ere, gure lan-baldintzetan ez dugu ikusi aitortza hori".

"2018an hasi ginen borrokan, eta 248 egunetan egin dugu greba, borroka luzea da gurea. Langile gehiago eta soldata duinak, hori da eskatzen duguna. Pandemia hasi zenetik, ez erakundeek ezta enpresek ere ez gaituzte bilera batera ere deitu; ez dugu inongo borondate politikorik ikusi gurekin biltzeko. Gure sektorean ikaragarrizko prekarizazioa dago, eta ezinbestekoa da hori amaitzea. Lana badago, eta pandemiak erakutsi du beharrezkoak garela".

"Azpikontratatutako enpresentzat ari gara lanean, baina gure zerbitzuaren % 88 diru publikoarekin ordaintzen da. Beraz, erantzukizuna, hein handi batean, erakunde publikoena da. Bitarteko enpresak negozioa egiteko daude, dirua irabazteko. Langileen kontura eta egoiliarren ongizatearen murrizketen bidez egiten dute negozioa".

"Hori guztia salatzera aterako gara bihar kalera, eta inoiz baino beharrezkoagoa da gaur gure aldarria lau haizeetara zabaltzea, gure lan-baldintzak hobetzeko eta zaintza eredua errotik aldatzeko".

Oihana Guenaga, ITP Aeroko langilea (LABeko ordezkaria)

"Patronala pandemia aprobetxatzen ari da murrizketak egiteko, eta hori da salatu behar duguna. Guk argi ikusten dugu beste modu batera konpondu ahal dela krisi hau. Krisi ekonomiko koiuntural bat bezala ikusten dugu guk, krisi handi bat, baina koiunturala. Eta tristea da, baina, berriro ere, enpresek etekinak ateratzeko aprobetxatu dute egoera".

"Gure enpresa-taldea oso handia da, eta Eusko Jaurlaritzatik diru asko jaso du, eta, beraz, Jaurlaritza gatazkaren konponbidean inplikatzea ezinbestekoa dela irizten diogu. Ezin dio patronalari eskua luzatu, eta guri, langileoi, eskua itxi. Langile moduan garbi daukagu langile klasearen defentsan atera behar dugula kalera".

"Ez dugu inolako borondate politikorik ikusi egoera bideratzeko. Hitz onak bai, baina praktikan ez dute urratsik eman gure egoera bideratzeko. Sestaoko eta Barakaldoko plantetan 400 langile inguru zituen ITP Aerok, eta horietatik 83 kaleratu dituzte. Behin eta berriz eskatu diogu laguntza Jaurlaritzari, kaleratze horiek eragozteko, baina ez gaituzte bilera batera deitu ere egin. Jakin badakigu harreman estua dutela ITP Aeroko zuzendaritzarekin".

"Tamalez, emakumeak izan dira bereziki kaltetu direnak azken kaleratze hauetan; tailerrean, produkzioan, ari direnen % 7 dira emakumeak, eta kaleratu dituztenen heren bat emakumeak dira. Argi dago nor atera den kaltetuen".

"Gaur kalera aterako gara, gure aldarria plazaratzera, baina mobilizazioek ez dute etenik izango. Mugimendu bat sortzen hasi da, herri mugimendu bat eta langile klasearen mugimendu bat. Dugun indarraz jabetzeko ordua da, patronala gure kontura aberasten ari dela jabetzeko ordua. Bidegabekeria horren aurrean, gure eskaerak argi utzi behar ditugu. Elkartasuna jaso eta sentitu dugu langileok, eta mugimendu hori indartzen jarraitu behar dugu".

Borja Perez, Tubacexeko langilea (CCOOko ordezkaria)

"Urtero bezala, gure eskubideak aldarrikatzera aterako gara kalera. Aurten, enplegua erregulatzeko espediente mahai gainean dugun honetan, inoiz baino ozenago. 80 egun daramatzagu greba mugagabean, gure lankideen kaleratzeak salatzeko. Apirilaren 15etik, 129 langile kaleratu ditu enpresak, horietatik 95 negoziatzeko aukerarik gabe, derrigorrean".

"Pandemia mundu mailakoa dela jakin badakigu, eta krisi honek sektore guztiei eragin diela. Gurea bezalako enpresa handietan baina, argi daukagu enpresak urteak daramatzala langileei murrizketak ezartzen, eta pandemia hau aprobetxatzen ari dela murrizketa horiek praktikara eramateko. Krisi koiunturala da hau, eta neurriek ere horren araberakoak izan behar dute".

"Gaur gure aldarrikapenak kalera eramango ditugu, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenak manifestatzeko dugun eskubidea urratzen badu ere, ez gara isilduko. Herritarrei, beraz, mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diegu, arduraz eta neurriak errespetatuz".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;