Ekonomia -

Bikoizketak

Izagirre: 'Udalek eskumen eta finantziazio gehiago behar dituzte'

Euskadiko erakundeen artean ematen diren "bikoizketak" aztertzen dituen Legebiltzarreko batzordean egin ditu Izagirrek adierazpen horiek.

Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea. Argazkia: EITB.
Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea. Argazkia: EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eskaintzen dituzten hainbat zerbitzutan "bikoizketak" ematen direla onartu du gaur Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. Udalek eskumen gehiago izatea defendatu du Izagirrek, baina "dagozkien finantziazioa jasotzen dutenean".

Euskadiko erakundeen artean ematen diren "bikoizketak" aztertzen dituen Legebiltzarreko batzordean egin ditu Izagirrek adierazpen horiek. Eusko Jaurlaritzaren txosten baten arabera, bikoizketek 403 milioi euroko gastua eragiten dute Euskadin.

Donostiako alkateak begi onez ikusi du bikoizketen inguruko eztabaida irekitzea, baina egungo egitura aldatzearen alde agertu da, "Gernikako Estatutua agortuta dagoelako".

Gogoratu duenez, udalek haienak ez diren eskumenak bere gain hartzen dituzte, zerbitzu horiek eman behar dituzten erakundeek "ematen ez dituztelako". Hala ere, udaletako politika hori defendatu du, "hiritarra ardatz nagusia izan behar delako".

Bere hitzetan, azken urteetan "iruzur handia" egin dute udalen finantziazioaz hitz egiterako orduan. Foru Aldundiek udalen eskuetan hainbat eskumen utzi dituztela gaineratu du, "baina finantziazioa handitu gabe".

Udalek bere gain hartzen dituzten zerbitzuak eman ahal izateko "finantziazio gehiago" eskatu du Izagirrek. Erakundeen arteko koordinazio "egokiagoa" bilatzearen alde agertu da Donostiako alkatea.

Patxi Lopezen Gobernuak aurkeztuta txostena "lanerako tresna" izan daitekeela gaineratu du, baina "nahikoa" ez dela esan du, "hainbat gai aztertu behar direlako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea