Ekonomia -
Spanairreko krisia
Airelineak, Spanairrek Loiun utzitako hutsunea bete nahian
29 hegaldi bertan behera gelditu dira Loiuko aireportuan Spanairren itxieraren eta Iberiako pilotuen grebaren eraginez. Spanairrek hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du, 300 milioi euroko zorra du.
Erredakzioa
Astelehena egun zaila izango da aireportuetan. Loiun, esaterako, Spanairren itxierak 23 hegaldi atera barik geratzea ekarriko du, Aenak aditzera emandakoaren arabera.
Spanairren egoerari Iberiak deitutako grebaren ondorioak gehituko zaizkio. Ondorioz, Loiun Madrilera zihoazen sei hegaldi lurrean geratuko dira eta bi hegazkin bakarrik joango dira Espainiako hiriburura.
Hala ere, gaurtik Madrilera joateko aukera gehiago izango dira: Easyjet konpainiak Loiu eta Madril lotzeko hegaldiak otsailaren 19tik martxan jartzea aurreikusita zuen, baina data aurreratu eta gaur bertan hasiko da Bilbon lanean.
Hori horrela, Bilbo eta Madril artean egunean lau hegaldi izango dira. Gerora, kopurua zortzi hegaldira igotzea espero dute.
Spanairrek hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du
Spanair airelineak 300 milioi euroko pasiboa gainditzen duen hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu du goizean goiz, iturri judizialek aurreratu dutenez.
Konkurtsoa, datozen orduetan igorriko dute Bartzelonako merkataritza-arloko epaitegira, ziurrenik bederatzi edo hamargarrenera, horiek arduratzen baitira, orohar, 100 milioi eurotik gorako zorra pilatu duten enpresen inguruko auziez.
Helburua, konkurtsoa ahalik eta gehien aurreratzea da, hala hartzekodunen bat aurreratzea saihestu nahi du, izan ere, kasu horretan airelinearen krisiaren kudeaketa asko zailduko litzateke.
Spanairren hartzekodun nagusia SAS airelinea suediarra da, konpainiaren % 10ren jabe da, hain zuzen. Bere kontuetan Espainiako enpresak 165 milioi euro zor dizkiola aitortzen du.
Mila euro langileei Bestalde, Spanairrek mila euro ordaindu dizkie langileei, urtarrileko nominaren zati bat, Ricardo Oso enpresa batzordeko presidenteak Europa Pressi esandakoaren arabera.
Enpresako iturriek adierazi dutenez, hurrengo egunetan langile bakoitzari zor diona ordaintzeko itxaropena daukate.
Spanairren itxierak 2.000 lanpostu kolokan utzi ditu. Lurreko eta bulegoetako langileak astelehenean lanera joan beharko dute, enpresak komunikatu batean jakinarazi bezala.
Ordaindutakoa berreskuratu
Spanair eta Aire-Garraioaren Nazioarteko Elkartea akordio batera iristear daude bidaiariei erabili gabeko txartelen dirua bueltatzeko asmoz.
Konpainiak komunikatu batean esan duenez, akordio horri esker "bidaia agentziek dirutan edo transferentziaz ordaindutako txartelen dirua bidaiariei itzultzeko aukera izango dute".
Txartelak webgunean edo bidaia agentzia beatean kreditu txartela erabilita erosi dituztenek, aldiz, euren banketxeekin hitz egin beharko dute.
Itxieraren ondorengo lehen aste honetan, Spanairrek 83.006 bidaiari hegaldirik gabe utziko ditu.