Ekonomia -

Aurrekontu Orokorrak

2022rako aurrekontuen aurreproiektua onartu du Espainiako Gobernuak

Inoizko inbertsio gastu handienarekin, 10 eurotik 6 gizarte gastura bideratuko dituzte, gazteriari zuzendutako laguntzak bereziki bultzatuta.

Montero prentsaurrekoan, Isabel Rodriguez bozeramailea ondoan duela. Argazkia: EFE
Montero prentsaurrekoan, Isabel Rodriguez bozeramailea ondoan duela.
Montero prentsaurrekoan, Isabel Rodriguez bozeramailea ondoan duela. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak 2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren aurreproiektua onartu du ostegun honetan. Inoizko inbertsio gastu handiena (40 000 milioi euro) jasotzen du proiektuak eta 10 eurotik 6 gizarte gastura bideratuko dituzte, gazteriari zuzendutako laguntzak bereziki bultzatuta (12 550 milioi euroko partida).

Maria Jesus Montero Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian azaldu duenez, "Espainiako historian izandako aurrekontu hedatzaileenak dira. Susperraldi justua dute helburu, eredu produktiboago eta jasangarriago bat bultzatuta, eta ekonomiaren leheneratze hori gizarte osoari helduko dela bermatuta".

Monteroren hitzetan, "belaunaldi berriek orain eta bihar aukera hobeak izatea dute xede". Horretarako, hainbat plan eta politika aurreikusi ditu koalizio gobernuak. Adibidez, 250 euroko laguntza zuzena gazteen artean emantzipazioa sustatzeko. Monterok ez du zehaztu zenbateko partida bideratuko dute horretarako, baina etxebizitza politikek % 46ko igoera izango dute.

Horrez gain, gazteek kultura produktuetan gastatzeko 400 euroko bonua izango da (210 milioi euroko aurrekontua). Halaber, 2.119 milioi euro bideratuko dituzte beketarako, aukera berdintasuna bermatzeko helburuarekin.

"Gastu-sabaia" delakoak 196.142 milioi eurotan jarraituko du. Europako funtsei dagokienez, 27.633 milioi euro aurreikusi dituzte.

Aurrekontuen aurreproiektuak zerga bilketa % 8,1 igotzea espero du, 2021ekoarekin alderatuta. "Aurreikuspen zuhurra dela uste dugu", esan du Montero Ogasun ministroak. Era berean, Sozietateen Zerga % 15ean kokatuko dute, OCDErekin adostutakoari jarraiki.

Pentsioei dagokienez, txikienak eta kotizazio gabekoak % 3 igoko dira datorren urtean. Gainerakoak KPIaren arabera eguneratuko dira, Kongresuan izapidetzen ari diren pentsioen erreformaren legeari jarraiki.

"Gure lehentasunezko bazkideekin negoziatuko dugu"

Horrenbestez, datorren astean helduko da aurreproiektua Diputatuen Kongresura. Espainiako Gobernuak esan du "lehentasunezko bazkideekin" akordioa bilatzen saiatuko dela. "Herritarrek ez dute nahi oposizioa Gobernuaren akuilua izatea bakarrik, erabilgarria izatea ere eskatzen dute. EAJ, ERC... aurreko aurrekontuak babestu zituzten talde guztiak aintzat hartuko ditugu", adierazi du Monterok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak Aurrekontu Orokorrak ERC Koronabirusa Gazteak