Itxi

2021/10/14

15:17

Ekonomia

Argindarra

EAJk abstentziora joko du argindarraren dekretuaren bozketan eta EH Bilduk ekimena babestuko du

Agentziak | EITB MEDIA

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak azaldu du argindar enpresei ez dietela etekinak murriztuko baldin eta industriari "arrazoizko prezioak" eskaintzen badizkiote.

1:22
Sagastizabal eta Matute, Kongresuan. Argazkiak: EFE
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Argindarraren prezioaren gorakada arintzeko Espainiako Gobernuak irailean onartutako lege dekretua Diputatuen Kongresura heldu da gaur, eta ezkerreko taldeen babesarekin aterako da aurrera. EAEko alderdiek goizeko eztabaidan aurreratu dute nola bozkatu behar zuten: EAJk abstentziora joko du esan du, uste baitu "industria arriskuan jartzea" saihestu behar dela. EH Bilduk, berriz, aldeko botoa iragarri du, sakoneko arazoa konponduko ez duten "behin-behineko neurri koiunturalak" direla dakien arren.

Idoia Sagastizabal EAJren diputatua izan da jeltzaleen jarrerari ahotsa jartzearen arduraduna, eta berak iragarri du abstentzioa.

Sagastizabalen ustez, "industria arriskuan jartzea" saihestu behar da, eta horretarako argindar merkatua eta prezioak zehazteko sistema "aztertu eta berriro diseinatu" behar dela azpimarratu du.

EAJren diputatuak esan du aintzat hartu behar direla dekretuak kontsumitzaileei ekarriko dizkien "ondorioak", baina kezkatuta agertu da arauak industriarengan izan dezakeen eraginarekin: "Kontsumitzaileak ez ezik, industria ere babestu behar dugu, izan ere, ezinbestekoa da susperraldi ekonomikoa, enplegua eta inbertsioa bermatzeko".

Ingurumari horretan, eztabaidak hartu duen "polarizazio eta sinplikazioa" kritikatu ditu. Hori horrela, "Espainiako Gobernuaren eta enpresen artean konponbide adostu bat" eskatu du, argindar enpresen etekinen murrizketa horrek ez diezaion industriari eragin, Sinedorrekin gertatu den bezala.

Matute (EH Bildu): "Argindarren xantaiari men egin ahal diogu, edo aurre egin"

Bestalde, EH Bilduk esan du argindarrei etekinak murrizteko dekretuaren alde bozkatuko duela, sakoneko arazoa konponduko ez duten "behin-behineko neurri koiunturalak" direla dakien arren. 

Oskar Matute koalizio independentistaren diputatuak azaldu du dekretua "eskatu daitekeen gutxieneko oinarria" dela. "Gehiago ezin jaitsi, batzuk argindar enpresei mesede egiteko aldaketak eskatzen ari diren arren".

Nabarmendu duenez, batzuek "iradoki" dute argindar enpresei etekina murrizteak "Espainiako Gobernua erorarazi" dezakeela. Kontrakoa uste du Matutek: "Gobernu hau eroraraziko duena da argindar enpresei nahi duten dirutza irabazten uzten jarraitzea, langile klaseren kontura".

Matute oso kritiko azaldu da argindar enpresek "covid-19arekin covid-a gabe baino gehiago irabazi" dutelako, eta salatu du Europako errekuperazio funtsetatik 58.000 milioi euro jaso ditzaketela. Zertaz errekuperatu behar dira ezer ere galdu ez duenak eta gehiago irabazi duenak", galdetu. Horren aurrean, bi aukera daudela aipatu du: bata, "argindarren xantaiari men egitea", eta bestea, "aurre egin politika argiekin", azken hori da EH Bilduk bultzatuko duena.

Riberak neurriak iragarri ditu industriari laguntzeko

Dekretuaren defentsa egiteko agerraldian, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikoko ministroak azaldu du Espainiako Gobernuak ez duela nahi argindar enpresei etekinak murriztu baldin eta industriari "arrazoizko prezioak" eskaintzen badizkiote.

Zehazki, esan du ez dietela mozkinak gutxituko "industriari arrazoizko prezioak" eskaintzen dieten konpainiei. Hala, iragarri duenez, euren asmoa da "datozen asteetan" neurri gehigarriak onartzea kontsumitzaile industrialen eta "bonu soziala duten kontsumitzaile zaurgarrien" mesedetan.

Riberaren ahotan, "iraileko aurreikuspenak zaharkituta geratu dira, eta beraz, onartutako neurriak moldatu behar dira".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;