Ekonomia -

2022-rako kontuak

Aldundiak aurrekontuak izapidetzeko prest, partidak nabarmen igota

Bizkaiak eta Gipuzkoak gaur aurkeztu dituzte euren proiektuak, eta Arabak azaroaren 15ean ezagutaraziko du berea.

Hiru ahaldun nagusiak, artxiboko argazki batean. EFE
Hiru ahaldun nagusiak, artxiboko argazki batean.
Hiru ahaldun nagusiak, artxiboko argazki batean. EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diru partidak nabarmen igota, euren aurrekontuak izapidetzeko gertu daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bizkaiak eta Gipuzkoak gaur aurkeztu dituzte euren proiektuak, eta Arabak beste hainbeste egingo du azaroaren 15ean. Hiru kasuetan, arlo sozialera bideratuko dute inbertsioaren zati handi bat.

Bizkaiko aurrekontu orokorren proiektua 1.459 miloi eurorekin hornitu dute, 2021ean baino % 7,4 gehiago. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak aurkeztu dute egitasmoa.

Gizarte Ekintzako Sailak ia 600 milioi euroko aurrekontua izango du, hots, partida guztiaren % 41. Euskara, Kultura eta Kirola Saila da, dena dela, gehien haziko dena, 2021eko aurrekontuetan baino % 26,5 jasoko baitu. Herri Administrazio eta Erakundekiko Harremanak eta Ekonomia Sustatzea sailetan ere % 22 inguru igoko da inbertsioa.

Unai Rementeriak azpimarratu duenez, proiektua "pandemiaren osteko susperraldia bultzatzeko diseinatuta dago eta jarduera ekonomikoari eta enpleguari laguntzeko eta lurraldeak behar dituen trantsizioei aurre egiteko abian jarritako proiektuen garapenean aurrera egiteko egituratu da". Ahaldun nagusiak hainbat proiektu estrategiko izan ditu ahotan, besteak beste, EtxeIKT zentroak, Energy Intelligence Center delakoa, edo tokiko merkataritzaren digitalizazioa Eup!-ren bidez.

Rementeria junto con Iruarrizaga.

Gipuzkoak "historiako aurrekontu handiena" aurkeztu du

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gaur aurkeztu du 2022rako aurrekontu orokorren proiektua, zeinak 1.042 milioi euroko aurrekontu propioa proposatzen duen, 2021ean baino 59 milioi gehiago, hau da, % 6 gehiago.

Proposamenak goizean jaso Aldundiko Gobernu Kontseiluaren oniritzia, eta eguerdian Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteari helarazi diote. Aurreikuspenen arabera, urtea amaitu baino lehen jaso dezakete behin betiko oniritzia.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, "historiako aurrekontu handiena" da 2022koa, baita "sozialena" ere. Izan ere,  gizarte politiketan 642 euro bideratuko dituzte gipuzkoar bakoitzeko. Hala, Gizarte Politikako Departamentuak 455 milioi euroko partida izango du (kopuru osoaren % 47 eta iaz baino % 8,68 gehiago). Halaber, beste ia 10 milioi Adinberri eta Elkar-EKIN egitasmoetara bideratuko dituzte. Beraz, "atal honetara zuzendutako aurrekontua 34 milioi eurotan hazi da; horietatik 11 Europako berreskuratze-funtsen bidez finantzatu dira", azal du.

Ingurumena eta Obra Hidraulikoak saila da gehien haziko dena, eta 34,2 milioi euroko zuzkidura izango du, 5,6 milioiko hazkundea (% 19,8ko igoera 2021eko proiektuarekiko), Europako funtsei lotutako hainbat proiektu sartu dituzte eta. Bestalde, Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Inguruneko Departamentua ere hazi egingo da, 122,1 milioi izango baititu, hau da, 6,7 milioi gehiago (% 5,8). Arlo horrek jarduera ekonomikoa, digitalizazioa eta berrikuntza babesteko inbertsioak indartuko ditu, eta proiektu estrategikoetarako partidak finkatuko ditu. 

Olano, durante la presentación.

Araban, "inbertsioetan markak ontzen"

Azkenik, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azaldu du Diputazioak azaroaren 15ean aurkeztuko duela aurrekontuen proiektua. Radio Euskadin iragarri duenez, "Aldundiko inoizko aurrekontu handienak" izango dira, "inbertsioez jositakoak". Horren hitzetan, "inbertsioetan markak onduko ditugu".

Arabako buruzagiak espero du beste alderdiekin akordioa lortzea, aitortu badu ere ez dakiela "horretarako prest egongo" diren.

Europako funtsei dagokienez, argitu du Arabak honen aldeko apustua egin duela: "zaintzaren politikak eta autoaren industria transformatzea eta energiaren alorra sustatzea". Gonzalezen arabera, "Aldundiak proiektu horiek guztiak garatuko ditu, Europatik funtsak heldu ala ez", autoaren industria transformatzeko egitasmoak lehenetsita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Ekonomia Unai Rementeria Markel Olano Ramiro Gonzalez Eguneko albisteak Albisteak EAEko Udal eta Foru Aurrekontuak Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia albisteak