Ekonomia -

Eusko Legebiltzarra

Osakidetzaren lan eskaintza berriak "ez ditu aurrekoaren zalantzak eta susmoak argitzen", oposizioaren ustez

EH Bildu eta EP-IU taldeek transakzio-zuzenketa aurkeztu dute Osasun Sailak eredua alda dezan eskatuz. Horren ordez, EAJren eta PSE-EEren beste bat onartu du ganberak. Bi taldeek LEParen auzia "politikoki erabiltzea" egotzi diote oposizioari.

Ubera (EH Bildu), Legebiltzarrean egindako aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE
Ubera (EH Bildu), Legebiltzarrean egindako aurreko agerraldi batean.
Ubera (EH Bildu), Legebiltzarrean egindako aurreko agerraldi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean oposizioan dauden taldeek sindikatuen kritikekin egin dute bat, eta Osakidetzaren Lan Eskaintza Publiko (LEP) berria salatu dute. Horien ustez, "ez ditu aurrekoak sortutako zalantza eta susmoak argitzen". Horren aurrean, Jaurlaritza osatzen duten EAJk eta PSE-EEk eredu berria babestu dute eta auzia "politikoki erabiltzea" egotzi diote oposizioari.

Aurreko LEPa, 2016-2017koa, judizialki ikertzen ari dira oraindik, horretan atzemandako ustezko irregulartasunak argitzeko.

Duela astebete onartu zituen Mahai Sektorialak Osakidetzaren lan eskaintzaren oinarri orokorrak, sindikatu guztien kontrako iritziarekin. Eredu berri horren eztabaida EH Bilduren zuzenketa baten bidez heldu da Legebiltzarrera, azkenean koalizio subiranistak Elkarrekin Podemos-IUrekin transakzio-zuzenketa aurkeztu badu ere. 

Proposamenean (ez da aurrera atera) azterketak lantzeko eta zuzentzeko ardura epaimahaien esku uzteko erabakia kritikatu dute taldeok. Horien ustez, "gardentasuna bilatzeko bidean atzerapausoa da". Horregatik, azterketen eredua aldatzeko deia egin diote Osasun Sailari, "aukeraketa inpartzial batek honakoak berma ditzan: aukera berdintasuna, gardentasuna eta prozesuaren trazabilitatea, oposiziogileei berme guztiak eman ahal izateko eta aurreko LEPan gertatutakoa ez errepikatzeko".

Proposamen horren ordez, EAJk eta PSE-EEk adostutako beste zuzenketa bat onartu du Legebiltzarrak. Bi alderdion babesa (gehiengo osoa dute) izan du ekimenak, eta EH Bilduren kontrako botoarekin eta Elkarrekin Podemos-IU, PP+Cs eta Vox taldeen abstentzioekin onartu dute.

Zuzenketa horren arabera, lan eskaintza horren hautaketa prozesuan zein hurrengoetan "berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak betetzen direla bermatuko da, baita gardentasun, objektibitate eta fidagarritasunarenak ere".

Taldeen iritziak

Eztabaidan, Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak salatu duenez, Osasun Sailak eta Osakidetzak gai horren inguruan erakutsitako jarrerak zalantzan jartzen du Jaurlaritzak aurreko deialdian izandako "irregulartasunak" zuzentzeko borondatea. Gogorarazi duenez, zehazteke dago aurreko LEPan "legez kontrakorik egon ote zen", baina ohartarazi du Legebiltzarraren "betebeharra" dela "halako zerbait berriro ez gertatzea". 

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUren ordezkaria ere kritiko agertu da eredu berriarekin. Horren ustez, "aurreko ereduaren oinarrizko gakoei eusten zaie, baita aurreko LEPan Fiskaltzak susmagarrien jotako puntuak ere". Horrenbestez, salatu duenez, "agerian geratu da Eusko Jaurlaritzak zalantzak eta susmoak argitzeko duen borondate falta".

Laura Garrido PP+Cs koalizioaren legebiltzarkideak aurreko lan eskaintza publikoa Osakidetzaren "atal beltza" izan zela esan du, eta azpimarratu du Jaurlaritzak "aparteko erantzukizuna" duela oraingo honetan "zalantza bakar bat ere ez sorrarazteko". Hala, "gardentasun eta inpartzialtasun bermeak" ezartzeko eskatu dio Osasun Sailari.

Bestelakoa izan da EAJren eta PSE-EEren jarrera, eta biek ala biek eredu berria defendatu dute. Kerman Orbegozo legebiltzarkide jeltzaleak auzia "politikoki erabiltzen jarraitzea" leporatu die oposizioko alderdiei, baita Osakidetzako langileen "profesionaltasuna" zalantzan jartzea ere.

Ekain Rico sozialistak aitortu du "hoberena" lan eskaintzaren oinarriak sindikatuen babesarekin onartu ahal izatea zela, baina ohartarazi du abenduaren 31a baino lehen onartu ezean, lanpostuak "betiko galduko" zirela. Defendatu duenez, LEP horren oinarriek 2019an adostutako baldintzak betetzen dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV IU Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Epaiketak Alderdi politikoak Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Lan Eskaintzak Sindikatuak