Ekonomia -

lan-ezbeharrak

Langile bat hiltzen da 11 egunean behin lan-istripuz Euskadin

Osalanek igorritako datuen arabera, lan-istripuek pertsona bat larri zauritu dute gainera, bi egunean behin. Lan-ezbeharrak % 11 hazi dira urrira arte, iaz baino 4.405 kasu gehiagorekin. Hazkunde esanguratsuena Araban izan da, % 22,5ko gorakada izan baitute bertan istripuek.

Prekarietatearen eta lan-istripuen aurkako elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EITB Media
Prekarietatearen eta lan-istripuen aurkako elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EITB Media
Prekarietatearen eta lan-istripuen aurkako elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan istripuen-ondorioz, 27 hildako eta larri zauritutako 162 pertsona izan ziren Euskadin, urteko lehen hamar hilabeteetan. Hala, langile bat hil da hamaika egunean behin, lanorduetan zein lanera bidean edo bueltan gertatutako ezbeharrengatik; eta larri zauritu, bi egunean behin. Osalanek jaso ditu datuok, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak.

Guztira, 30.189 euskal langilek hartu behar izan zuten baja lan-istripu baten ostean urteko lehen hamar hilabeteetan. Horrek, iazko aldi bereko datuei dagokionez, % 17ko hazkundea suposatu du, alegia, 4.405 pertsona gehiago zauritu dira.

Osalanek argitaratutako datuen arabera, urtarriletik urrira 26.052 istripu (+ % 18,1) izan ziren lanorduetan, eta 2.869 ( + % 8,3), 'in itinere'. Bestalde, 1.268 ( + % 17,4) izan ziren bajak eragin zituzten birgaixotzeak.

Lanaldian zehar gertatutako istripuen artean, 25.887 arinak izan ziren, 141 larriak eta 24, hilkorrak (2020an baino bost gehiago). 'In itinere' gertatutako istripu arinak 2.845 izan ziren, 21 istripu larri eta hiru hildako.

Lurraldeka, ezbehar-kopurua % 22,5 hazi zen Araban, lanaldian zehar gertatutako 4.817 istripurekin; % 17,6 Bizkaian, 13 058 ezbeharrekin, eta % 16,5 Gipuzkoan, 8.177 ezbehar izan baitziren.

Bestalde, Zerbitzuen sektorean izan ziren istripu gehien lanorduetan (14.182 istripu); ondoren, Industrian (8.252 ezbehar), Eraikuntzan (3.136 pertsonak izan zuten istripua) eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantzan (482 baja).

Hala, lan ezbehar-kopuru handiena Eraikuntzak izan zuen (55,6 baja mila langileko), Industriak gero (50,4 baja), Lehen Sektoreak (49,6 baja mila langileko) eta Zerbitzuek (20,4 baja).

Gainera, Euskadin 1.078 lan-gaixotasun berri zenbatu zituzten urtarriletik urrira bitartean, laneko baja eragin zutenak. Horrek % 74ko hazkundea suposatzen du, 2020ko datuen aldean. Bajarik eragin ez zuten lan-gaixotasunen kasuan, 1.084ra iritsi ziren, 2020an baino % 10,4 gehiago.

Lan-ezbeharra Bergaran

Hain zuzen ere, larunbat honetan behargin bat hil da lan-istripuan Bergaran, LAB sindikatuak adierazi duenez. Hildakoa 44 urteko gizona zen, markinarra, Fagor Ederlan enpresako langilea.

Sindikatuak salatu duenez, heriotza "ez da zoriaren edo patuaren ondorio", txandakako lanaldiekin du zerikusia, gauekoarekin batez ere, "osasun fisikoan eta psikologikoan duen eragin txarragatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Albisteak