Itxi

2021/12/07

11:09

Ekonomia

Sindikatuak

LABek baztertu egin du greba orokorra aurten antolatzeko aukera

O.P. | EITB Media

Gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuak ez dira bat etorri grebaren xede, modu eta denboretan. LABentzat "akatsa" izan da ELA Madrilgo jokalekura eta agendara mugatu nahi izana, "Euskal Herrian egin beharreko bide propioa mugatu" egin duelako.

  • 2012ko martxoak 29ko greba orokorra. EFE

    2012ko martxoak 29ko greba orokorra. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

LABek atsekabea agertu du, urtea amaitzear izanda, greba orokorra antolatzeko prozesuak ez duelako nahiko luken emaitzarik eman eta gehiengo sindikala ez delako, azkenean, bat etorri helburu hori lortzeko bidean. Greba aurten antolatzeko aukera baztertuta ere, sindikatuak azaldu du LABentzat greba orokorra ez dela, bere horretan, helburu bat, "borroka aldi berri bat hauspotzeko tresna" baizik. ELAk aldiz, ez du greba orokorra baztertu.

Xede horri helduko dio, hain justu, sindikatu abertzaleak, eta horretarako, azaldu dutenez, "datozen asteetan lantokietan borroka sindikalak biderkatu, kalean dinamika soziala hauspotu eta lan eta bizi baldintzak eraldatzeko euskal bide orria sustatzen" jarriko dituzte indarrak. 

Ohar batean adierazi dutenez, Maiatzaren Lehenean aldarrikatu zuen sindikatuak greba orokorraren beharra, bi arrazoi nagusi aipatuta. Alde batetik, "pandemiak agerian utzitako hutsuneei nahiz langileongan izandako ondorioei erantzuna emateko; besteak beste, osasun sistemaren ez nahikotasuna, zaintza sistema publiko komunitario baten gabezia edota oinarrizkoak diren lanen izaera prekarioa"; eta, bestetik, "estatu mailan erabaki garrantzitsuak hartuko zirela jakitun (Europako Funtsek baldintzatutako pentsio erreforma eta lan erreforma, besteak beste), erabaki horietan eragin eta, batez ere, Madrilen posible ez den ibilbide eraldatzailea Euskal Herrian posible egiteko".

Uda ostean beste hainbat eragilek ere greba orokorraren aldeko jarrera erakutsi zutela nabarmendu dute, hala nola, pentsiodunen mugimenduak eta gehiengo sindikaleko gainontzeko sindikatuek. Azpimarratu dutenez, "bazegoen greba orokorra deitzeko gehiengo nahikoa, nahiz eta greba orokorraren izaeraren eta kudeaketaren inguruan jarrera desberdinak izan LABen eta ELAren artean".

Euskal Herrian gehiengo sindikala duten bi sindikatuak ez dira, haatik, ados jarri, ez moduan, ez denboran. LABentzat "akatsa" izan da, esaterako, ELA Madrilgo jokalekura eta agendara mugatu nahi izana, "Euskal Herrian egin beharreko bide propioa mugatu" egiten duelako. 

Halaber, LABek greba deialdia "lehenbailehen" egitea proposatzen zuen, "gertakarien eboluzioan ahalik eta eragin handiena izan zezan". Aldiz, ELAk greba orokorra urtea amaitu aurretik egin behar zela esaten bazuen ere, deialdia egiteko "une egokienaren zain" egotea hobesten zuen, "Madrilen hartuko ziren erabakietatik greba orokorrerako pizgarria sortuko zelakoan". 

Gauzak hala, greba orokorra epe motzean antolatzeko prozesua "kale itsura" heldu da LABen ustez, eta "grebaren pizgarri litzatekeen gertakari baten zain egoteak, gertakarietan eragiteko aukera galtzea" ekarri du, azkenean. 

ELAk ez du baztertzen greba orokorra deitzea

ELA sindikatuak, aldiz, ez du baztertzen greba orokorra deitzea; izan ere, aurrekoak indargabetuko ez dituen lan-erreforma berriaren negozia zabalik dago. Ohar bidez, ELAK bere jarrera azaldu du, lan-erreforma Gizarte Elkarrizketarako Mahaian negoziatzen ari den bitartean. Espainiako Gobernuarekin, beste sindikatuekin eta CEOErekin ari da egiten, eta, gerora, erreforma Kongresuan bozkatu beharko dute; bertan, EAJren eta EH Bilduren botoak erabakigarriak izango dira.

ELAk zehaztu duenez, kontuan izanik EAJk eta EH Bilduk erabaki dutela berriki egindako pentsioen erreforma erraztea, "orain baztertzea greba orokorra deitzeko aukerak presioa eta erantzukizuna kenduko lizkieke bi alderdiei, etorkizunean etor litezkeen erreformei eta gizarte-murrizketei begira. Hortaz, ELAk ez dio uko egingo, inola ere ez, greba orokorrari, testuinguru politiko honetan".

Estatuko hitzarmenen gainean euskal hitzarmenen lehentasuna berreskuratzeaz, ELAk berretsi du marra gorria izan beharko lukeela EAJrentzat eta EH Bildurentzat ere; azken testuak ez balu puntu hori adieraziko, ELAren iritziz, bi alderdien botoa erreformaren aurkakoa izan beharko litzateke.

Azkenik, ELAren iritziz, sindikatuen arteko polemika publikoak elikatu beharrean, presioa egiteko eta mobilizatzeko garaia da, indarrean dauden erreformak baldintzatzea helburu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;