Ekonomia -
EUSKAL HERRIKO PENTSIODUNAK
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak urtarrilaren 15eko manifestazioetara batzeko gonbita egin du
Hego Euskal Herriko pentsiodunek adierazpen batean nabarmendu dutenez, euskal hiriburuetan deitutako manifestazioak langileen, sindikatuen eta gazteen "elkargune" izan litezke.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioak deitu ditu datorren urtarrilaren 15erako. Bertatik adierazi dutenez, "abagune ona" dira langileek, sindikatuek eta gazteek pentsiodunen aldarrikapenekin bat egiteko.
"Elkar babesteko, bete ditzagun kaleak, Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko erakunde publikoei, patronalari eta bestelako botere ekonomikoei helarazteko ez gaudela prest pentsioen, soldaten eta beste giza-eskubideen murrizketak jasateko", nabarmendu dute igorritako adierazpenean.
Pentsiodunen Mugimenduak urtarrilaren 15ean beteko ditu euskal hiriburuetako kaleak, laugarren urteurrena dela eta. Besteak beste, Diputatuen Kongresuak onartutako pentsioen erreforma arbuiatuko dute.
Zentzu horretan, iragarri dute itxialdiak egin nahi dituztela urtarrilaren 14tik 15era, "prebentzio eta osasun-segurtasun baldintzek hala baimentzen badigute". Gainera, "aurretiko martxa" prestatzen ari dira Ezkerraldean, Santurtzitik abiatu eta Bilbon amaituko dena.