Ekonomia -
KPI
KPIa % 6an kokatu da urtarrilean, bost hamarren baxuago, argindarraren prezioak behera egin ondoren
Hain zuzen, gaur argindarraren prezioa % 4 merkatuko da, eta megawatt-orduak, batez beste, ia 222 euroko prezioa izango du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Urtarrilean, urte arteko inflazioa % 6koa izan da, abenduan baino bost hamarren txikiagoa, INE Espainiako Estatistika Institutuak jakinarazi duenez. Aurtengo urtarrilean argindarra ez da iaz beste igo, eta horrek eragin omen du beherakada hori. Hain zuzen, gaur argindarraren prezioa % 4 merkatuko da, eta megawatt-orduak, batez beste, ia 222 euroko prezioa izango du.
Bestalde, gasolinaren eta gasolioaren prezioa historiako preziorik garestienera iristetik oso gertu daude. Joan den astean, gasolina litroak batez beste 1,52 euroko prezioa izan zuen. 2012an bakarrik izan da gasolina maila horretan, 1,52 euroko prezioa harrapatu baitzuen. Gasolio litroak, berriz, batez beste, 1,40 euroko prezioa izan zuen joan den astean; 2013tik ez dugu horren garesti erosi gasolio litroa.
2020ko azaroan hasi ziren erregaiak garestitzen, eta ia etengabe garestitu dira orain arte, petrolioaren prezioa garestitu delako eta pandemiaren amaieran mugikortasuna areagotu delako. Autoaren depositua gasolinaz betetzeko, batez beste, duela urtebete baino 17 euro gehiago ordaindu behar ditugu gaur egun, eta 15 euro gehiago ordaindu behar ditugu gasolioz bete nahi izanez gero.