Ekonomia -
Herri-dirubideen Kontseilua
EAEko ogasunek ia 16.000 milioi bildu dituzte 2021ean, inoizko daturik altuena
Zerga sarreren "igoera nabarmena" azpimarratu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak. 2020an baino % 14,4 gehiago da, eta pandemia aurreko urtean, 2019an, baino % 3,2 gehiago (ia 500 milioiko hazkundea).
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
2021ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 15.963,2 milioi euro bildu dituzte zerga bidez, 2020an baino % 14,4 gehiago, eta pandemia aurreko urtean, 2019an, baino % 3,2 gehiago (493,6 milioi gehiago). Hala, azken bost urteotako diru-bilketarik handiena da, 2017ko errekorra gaindituta.
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak eman du datua, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak egindako bileraren ondotik. Azpiazuk azpimarratu duenez, "covid-19aren pandemiak ekonomian eragindako krisiaren ondorioz 2020an izandako beherakada esanguratsuaren ostean (-% 9,8), Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zerga-sarrerek nabarmen egin dute aurrera 2021ean".
Sailburuaren arabera, kopuru horren arrazoiak honakoak dira: "Batetik, Euskadiko ekonomia partzialki suspertu izana eta azken hilabeteotako prezioen igoera, eta, bestetik, neurri handi batean, Bizkaian 2019ko akta bakarrengatik izandako diru-sarrera, nagusiki BEZari dagokiona, Estatuarekin BEZaren MOSS-OSS araubidea hitzartu izanaren ondorio diren ezohiko diru-sarrerak eta pandemia-garaian, besteak beste, pandemiaren eraginak arintzeko eta enpresek likidezia handiago izateko hartutako neurri arautzaileen ondorioz 2020an atzeratutako diru-sarrerak sartu izana".
"Baikor, ziurgabetasunak egon badauden arren"
"Urtea ixteko datu horiek atea irekitzen dute Eusko Jaurlaritzak Euskadiren eraldaketa eta suspertze ekonomikoaren alde egindako apustu garbia indartzen jarraitzeko", esan du Azpiazuk. Sailburuak azaldu du inbertsio publikoa sustatzeko aukera dutela aurten eta 2023an, aurrekontuen egonkortasun arauetara itzuli baino lehen, hots, Europak ezarritako defizit eta zor mugak itzuli baino lehen. "Espero dut oraingo honetan Europako erakundeek ikusmira luzea edukitzea inbertsio publikoari murrizketarik ez jartzeko eta susperraldi ekonomikoa eteteko", adierazi du.
Azpiazuren esanetan, ekonomia "oso indartsu" dago Euskadin, eta hori horrela, etorkizuna "baikortasunez" ikusten dute EAEko erakundeek. Dena dela, onartu du badaudela "ziurgabetasunak", besteak beste, interes tasen balizko igoera, igoera batek kontu publikoak eragin "txikia" edukiko lukeela azpimarratu badu ere.
Ia 724 milioi Kupo bidez
Espainiako Estatuari ordaindutako kupoari dagokionez, guztira 723,9 milioi euro ordaindu dizkiotela jakinarazi du. Kopuru horrek barnean hartzen ditu 2020ko likidazioa (EAEren aldeko 277,3 milioi euroko saldo garbia) eta 2021eko behin-behineko kupoa, 1.001,2 milioikoa.
Zerga bilketaren itxiera eta Estatuari egindako ordainketak ezagutu ondoren, 2021eko ekarpenen likidazioa kalkulatu da, eta 10.829,8 milioi eurokoa da, hasierako aurrekontuan aurreikusitakoa baino 1.210,6 milioi gehiago.
2021eko bilketaren itxieraren aurrean, Egokitzapenerako Funts Orokorrak 80,7 milioi izango ditu, eta Arabara bideratuko da osorik.