Ekonomia -

Osasuna

Milaka pertsona atera dira kalera Bilbon, Gasteizen eta Donostian Osakidetzarentzat baliabide eskatzeko

Pasa den ostiralean greba egin zuten Lehen Arretako langileek, eta datorren astelehenean greba orokorra dago deituta Osakidetza osoan.

Osasun publikoaren aldeko manifestazioa, Donostian. Argazkia: EFE
Osasun publikoaren aldeko manifestazioa, Donostian. Argazkia: EFE
Osasun Sailari jarrera aldaketa eskatu diote Osakidetzako sindikatuek protesten bigarren egunean

1:23

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsona atera dira gaur kalera Bilbon, Gasteizen eta Donostian, Osakidetzako sindikatuek deituta, Euskal Osasun Zerbitzura "berehala" baliabide gehiago bideratzea eskatzeko eta "osasun sistema publikoaren prekarizazioa eta desegitea" salatzeko.

Manifestazio hauen aurretik, pasa den ostiralean greba egin zuten Lehen Arretako langileek, eta datorren astelehenean greba orokorra dago deituta Osakidetza osoan.

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dituzte protestak, eta helburua da Osakidetza "berehala neurriak hartzera behartzea", funtzionamendua eta langileen lan-baldintzak hobetzeko.

Donostian Boulevardetik abiatu da manifestazioa; Bilbon, Bihotz Sakratutik; eta Gasteizen, Plaza Berritik. "Lehen Arretan bizi den egoera larria eta ospitaletako arretaren gainkarga" salatu eta lan-baldintza "duinak" eskatu dituzte.

Esther Saavedra, Eneko Pascual eta Ana Vazquez ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariek hedabideen aurrean azaldu dutenez, "euskal osasun publikoaren etorkizuna dago jokoan". "Ezin zaio prekarietate honi eutsi, behin behinekotasunari eta gehiegizko lan kargari", zehaztu dute. Gainera, Osakidetza langileekin eta "herritar guztiekin prepotentziaz" jokatzen ari dela deitoratu dute.

Lehen Arretaren "kolapsoa" eta "ospitaleetako gainkarga" izan dira salaketa nagusiak, eta azpimarratu dute ez dela une honetako arazoa. Sindikatuen arabera, mobilizazioen bitartez soilik "behartu" daiteke Osakidetza "mugitzera".

Sindikatuek eskatzen dituzten hobekuntzen artean 2023ko aurrekontua igotzea dago, Europar Batasuneko batez bestekora iritsi arte (aurrekontu osoaren % 7), eta laurdena lehen arretara bideratzea. Era berean, "milaka lanpostu sortzea" eskatzen dute, "lan karga arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta eskaintzeko".

Era berean, "langileria egonkortuz, 24.600 langileri eragiten dien behin behinekotasuna % 8ra jaistea" proposatzen dute. Erosteko ahalmena berreskuratzea ere bada aldarrikapenetako bat, "murrizketa guztietan atzera" egitearekin batera.

Greba astelehenean

Astelehenerako, berriz, greba orokorra deitu dute Osakidetza osoan, eta manifestazioak egingo dituzte, gaur bezala, EAEko hiru hiriburuetan.

Bilbokoan Basurtuko ospitaletik abiatuko dira eguerdian, Donostian Groseko Osasun zentrotik, 12:30ean, eta Gasteizen, Santiago ospitaletik, eguerdian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Manifestazioak Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak