Ekonomia -

GARRAIOLARIAK

Altuna: "Garraiolari asko etxean geratzen ari dira, dirua galtzen ari direlako"

Ezohiko batzarra du gaur Hiru euskal garraiolari autonomoen sindikatuak Altsasun. Erregaien prezioen igoerak sorrarazi dien egoera "jasangaitza" izango dute aztergai, eta besteak beste, astelehenean grebara joan edo ez erabakiko dute. Jon Altuna Hiruko kidearen hitzetan, "muturrekoa" da egoera.

Kamioi bat, gasolindegi batean. Artxiboko irudia.
Kamioi bat, gasolindegi batean. Artxiboko irudia.
Kamioi bat, gasolindegi batean. Artxiboko irudia.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beasain eta Bergara arteko joan-etorria egunero bospasei aldiz egiten duen garraiolaria. Duela urtebetetik, gutxi gorabehera, erregaiaren depositua betetzeko 50 bat euro gehiago behar ditu egunero —200 euro gehiago astero, 1.000 euro gehiago hilero—. Horrez gain, Deskargako bidesaria ordaindu behar du: 10 euro joan-etorri bakoitzeko; egunean sei buelta eginda, 60 euro —300 euro astean, 1.200 euro hilean—.  Erregaia eta bidesaria batuta, hilero 2.200 euro gehiago.

Jon Altuna Hiru sindikatuko komunikazio arduradunak adibide hori jarri du garraiolari baten egunerokoa irudikatzeko. Horren arabera, asko dira etxean geratzea erabaki duten garraiolariak, "dirua galtzen ari direlako". "Kontua ez da lehen baino gutxiago irabazten dutela, irabazirik ez dutela baizik", argitu du.

Aurrekaririk gabeko prezioetara iritsi dira gasolioa eta gasolina, eta Ukrainako gerraren albo-ondorioek eraman dute muturrera. Asteon, ia bi euroraino iritsi da gasolio litroaren prezioa gasolindegietan. Egoera aztertu eta aurrera begira erabakiak hartzeko, ezohiko batzarra deitu du gaurko Hiru Euskal Herriko garraiolari autonomoen sindikatuak. Altsasun bilduko dira, eta, besteak beste, Espainiako Garraioaren Aldeko Plataformak astelehenetik aurrera deitu duen greba mugagabera batu edo ez erabakiko dute. 

Altunak nabarmendu duenez, egoera "muturrekoa eta jasanezina" da garraiolarientzat, eta ikusteko dago gaurko bileran zer erabaki hartzen diren. "Denetarik dago taldean. Badira galtzeko ezer ez dutenak, dirua galtzen ari direnak. Horiek greba babestuko dute. Baina, era berean, badira grebari beldurra diotenak, dituzten bezeroak galtzeko arriskua ikusten dutelako. Bero-bero dago egoera, ikusiko dugu zer geratzen den", gaineratu du.

Konponbidea, etorriko bada, nondik etorriko den garbi dute Hiru sindikatuan: "Garraiolarien gastuen igoeraren araberako tarifak ezarri behar dira, bestela ezinezkoa da bizirautea".  Altunak zehaztu duenez, tarifak egokitzeko araudia onartuta eta indarrean dago Espainiako Estatuan, "baina ez da betetzen eta inork ez du kontrolatzen". Horregatik, sektorea "zaintzeko eta babesteko neurriak" eskatzen dizkiote garraiolariek Nafarroako eta EAEko gobernuei. "Gure gastuak igotzean, gure lanaren truke enpresei kobratu beharreko tarifak neurri berean egokitu behar dira. Orain, ez da hala gertatzen, eta inork ez du enpresarien lana kontrolatzen. Ondorioz, garraiolari autonomoak dirua galtzen ari dira", esan du.

Sektorea "itota", "zahartuta" eta "erreleborik gabe" dagoela azaldu du Altunak. Bere hitzetan, "ezinezkoa da gazteak erakartzea baldintza hauetan". Egiturazko arazoari egiturazko erantzunak ematea eskatu du.

Tradisna Nafarroako garraiolari autonomoen elkarteko kideek ere gaur erabakiko dute Estatuan deitutako greba babestuko duten edo ez.

  

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal hiriburuak Ukraina Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa albisteak Sindikatuak Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa Merkantzia-garraioari buruzko albisteak