Ekonomia -
Elkarrizketa
Confebask: "Prezioen etengabeko garestitzeak beste krisi ekonomiko bat eragin dezake aurten"
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak azpimarratu du Ukrainako gerrarekin energiaren prezioaren gorakada areagotu egin dela eta "egoera muturrekoa" izango dela, premiazko neurriak hartzen ez badira.
GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA
Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak adierazi du argindarra eta gasa etengabe garestitzeak "beste krisi ekonomiko bat" eragin dezakeela aurten.
Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketa batean, Zubiaurrek gogoratu du energiaren prezioaren gorakada duela hainbat hilabete hasi zela, "baina Ukrainaren inbasioarekin prozesu hori areagotu egin da eta muturreko egoera batera eraman gaitzake", ohartarazi du.
"Industria gelditzen bada, soka luzea eragingo du, eta egoera oso larria izango da, eta argindarraren eta erregaien prezioaren gorakada gelditzeko premiazko neurriak hartzen ez badira, beste krisi ekonomiko bat izan dezakegu aurten", azaldu du.
Garraiolari autonomoen greba mugagabeari dagokionez, Zubiaurrek esan du lanuztearen eragina nabari dela enpresetan: "Ekoizpena eta banaketa egiteko zailtasunak izaten ari dira".
Azken urteotan galdutako erosahalmena berreskuratzeko, soldatak Kontsumorako Prezioen Indizearen arabera eguneratzeko sindikatuen eskariaren harira, Confebaskeko presidenteak adierazi du une honetan enpresentzat ezinezkoa dela horrelako soldata-igoerak bermatzea, "enpresen bideragarritasuna kolokan dagoelako" energiaren prezioaren gorakadagatik.