Ekonomia -

Lan gatazka

Guggenheim museoko garbitzaileek ituna lortu eta 9 hilabete baino gehiagoko greba bertan behera utzi dute

Besteak beste, % 20ko soldata igoera eta lanaldi partzialak amaitzea lortu dituzte. ELA sindikatuak eta Ferrovial enpresak sinatu dute akordioa.

Langileak, akordioa ospatzen. Argazkia: ELA sindikatua
Langileak, akordioa ospatzen.
Langileak, akordioa ospatzen. Argazkia: ELA sindikatua

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaitu da Guggenheim Bilbao Museoko garbitzaileen greba. Langileen ordezkari sindikalek (ELA) akordioa erdietsi dute Ferrovial enpresarekin (berak du zerbitzuaren esleipena) eta, oro har, % 20ko soldata igoera izango dute. Gainera, aurrerantzean ez da lanaldi partzialik izango. ELAk ohar batean eman du akordioaren nondik norakoen berri.

Adostutakoaren arabera, museoa garbitzen duten 18 emakumezkoei % 20 handituko diete soldata 2024ra arte, mailaka. Hots, 23.500 eurotik gorako soldata gordinak izango dituzte 2024rako. Horrez gain, lanaldi partzialak desagertuko dira, eta, hortaz, aurrerantzean, behargin guztiek lanaldi osoa izango dute. Horrek esan nahi du lanaldi partziala zuten langileek % 46ko soldata igoera izango dutela bi urte barru.

Halaber, lan-kargak eta denbora neurtuko dituzte gehiegizko lan-kargak saihesteko. Hala, museoak zehaztutako kalitate eta eskakizunen arabera egingo da lan-banaketa hori, zenbat langile behar diren aldez aurretik zehaztuta.

Era berean, errelebo-kontratua gauzatzeko xehetasunak jaso dira, baita lizentzia, baimen eta atsedenaldietan hobekuntzak ere.

Langileek 2021eko ekainean abiatu zituzten lanuzteak, bi helburu nagusirekin, ELAren arabera: beharginen lan-baldintzak hobetuko zituen hitzarmena lortzea, eta emakumezkoek sektore berean aritzen diren gizonezkoen aldean pairatzen duten soldata-arrakalaren aurka egitea.

Sindikatuaren esanetan, "borroka hau ELAren prekarietatearen eta soldata arrakalaren aurkako borrokan kokatzen da. ELAren helburua da 18.000 eurotik beherako soldatak desagerraraztea, batik bat emakumeei egiten zaizkien lanaldi partzialeko kontratuak luzatuz, besteak beste, eta lan-osasunaren inguruko hobekuntzak ere bermatuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Guggenheim ELA Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Matxismoa Museoak Soldatak