Ekonomia -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Bruselak argindarra eta gasa bereiziko ez dituela deitoratu du Tapiak, eta bilera "hankamotz" geratuko dela

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak garraiolarien greba lehenbailehen konpontzeko galdegin dio Sanchezi: "Gaur goizean arratsaldean baino hobeto, eta astelehenean egin izan balitz, hobeto". Sahara ahotan, espero du Espainiak "Aljeriako gasaren kontua ondo lotua" izatea.

Tapia, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Tapia, elkarrizketaren une batean.
Arantxa Tapiak energiari eta garraioari buruzko neurriak ''lehenbailehen'' hartzeko deia egin du

1:16

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak deitoratu egin du Bruselak argindarraren eta gasaren prezioa ez bereiztea energiaren enkantean, hori baita, horren ustez, salneurria jaisteko gakoetako bat. Beraz, gaur Europako Kontseiluak duen bilera "apur bat hankamotz" geratuko dela uste du. "Bilera zaila izango da, ez da batasunik izango", aurreikusi du.

Tapiaren hitzetan, beharrezkoa den neurri bat hartu behar ez badute, hitzordua "porrot batekin abiatuko da". "Ea Europar Batasuna kapaz den beste neurri batzuk adosteko egoera hori konpontzeko", erantsi du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, egoera ekonomikoaz mintzatu da sailburua, eta "landu beharreko hiru kontu" aipatu ditu: energiaren prezio "oso altuak", Ukrainako gerrak eragindako hornidura zailtasunak, eta Espainiako Estatuko garraiolarien greba. Azken horrek, Tapiaren arabera, "egoera errematatu du". Horren aurrean, neurriak "lehenbailehen" hartu behar direla adierazi du. "Gaur goizean, arratsaldean baino hobeto, eta astelehenean egin izan balitz, hobeto", esan du.

Neurririk hartu ezean, "egoera jasangaitza izango da", Tapiaren esanetan. "Honi ezin diogu eutsi", gaineratu du.

Hiru sindikatuak Jaurlaritzari eta aldundiei eskatu dizkien neurriak ahotan, esan du ez direla greba honen arazoak, "estrukturalak" baizik. Horren ildoan, eta garraiolariei ezarritako bidesariak jaisteko edo murrizteko eskaeraz, gogorarazi du bidesariek Europako zuzentarau bat dutela oinarri, "kutsatzen duenak ordaintzen du" printzipiopean. Tapiaren aburuz, "oraingo krisi honetan ezin dugu inportantea ahaztu: klima aldaketaren kontrako borroka".

Azkenik, Espainiako Gobernuak Sahararen auzian izan duen jarrera aldaketak gasaren horniduran izan ditzakeen ondorioez galdetu diote Tapiari. "Espero dut Aljeriaren gas barik ez geratzea, espero dut (Espainiak) ondo lotuta edukitzea kontua". Izan ere, Errusiako gasarekin gertatzen ez den bezala, Afrikako herrialde horren gasaren "erabateko menpekotasuna" du Euskadik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Errusia-Ukraina gerra