Ekonomia -
ELKARRIZKETA ETB1-EN
Jon Altuna (Hiru): "Lanean dira garraiolariak, baina ez da ezer amaitu eta aldarrikapenek jarraitzen dute"
Hiruk garraiolarien greba bertan behera utzi ondoren, sindikatuko ordezkariak adierazi du adi jarraituko dutela eta behar bada mobilizazio gehiago deituko dituztela. Halaber, lan gatazkak gizartean izan duen oihartzuna eta garraiolarien arteko batasuna nabarmendu ditu.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak bertan behera utzi du gaurtik greba, eta garraiolariak lanera itzuli dira. Dena dela, Jon Altuna Hiruko ordezkariak ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, ez da ezer amaitu, aldarrikapenak hor daude eta horien alde lanean jarraituko dute. Horren esanetan, adi egongo dira Administrazioak agindutakoa betetzen duen ala ez egiaztatzeko, eta, behar izanez gero, mobilizazio gehiago deituko dituzte.
Atzo, Hiru sindikatuak batzarra egin zuen Lasarte-Orian, Eusko Jaurlaritzak onartutako neurriak aztertzeko eta grebarekin jarraitu ala ez erabakitzeko. Bozketan, 50 pertsona lanera itzultzearen alde agertu ziren; 31 behargin, ostera, greba jarraitzearen alde; eta 8 abstenitu egin ziren. Jon Altunaren hitzetan, hainbat gauza positibo egon direla baloratu zen eta lanera itzultzea erabaki zuten.
Garraiolarien iritziz, hainbat kontu positibo agerian gelditu dira greba honetan: lan gatazkak gizartean izan duen ikusgarritasuna, langileen arteko elkartasuna eta batasuna edota mobilizazioek izan duten jarraipen zabala. Halaber, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin harremanak abiatu dituzte, eta administrazio horiek garraiolarien eskaerei erantzuteko prest agertu omen dira.
Hainbat eskaerak airean segitzen dute, eta horien artean daude, besteak beste, 60 urterekin erretiratu ahal izatea edo kostuen azpitik lan ez egitea.
Jon Altunak gogoratu duenez, Espainiako Gobernuak lege-dekretu bat onartu nahi du uztailerako, inork ez dezan kostuen azpitik lan egin: "Horren zain egongo gara".