Ekonomia -
ARABAKO metalgintza
Greba deitu dute Arabako metalgintzan maiatzaren 18, 24 eta 26rako
Sindikatuek salatu dutenez, hitzarmen berri baten negoziazioak "lau urte daramatza inolako aurrerapenik gabe", eta egoera hori SEA Arabako patronalaren "immobilismoari" egotzi diote.
Agentizak | EITB Media
ELA, CCOO, LAB, USO, CGT eta ESK sindikatuek hiru greba egun deitu dituzte maiatzaren 18, 24 eta 26rako Arabako metalgintzako enpresetan, sektorean hitzarmen "duina" eskatzeko.
Sindikatuek ohar baten bidez salatu dutenez, hitzarmen berri baten negoziazioak "lau urte daramatza inolako aurrerapenik gabe", eta egoera hori SEA Arabako patronalaren "immobilismoari" egotzi diote.
Era berean, metaleko enpresetan "arazoak eta prekarietatea pilatzen" jarraitzen dutela azaldu dute. Beste arazo batzuen artean, "bizitzaren garestitzeari" aurre egitea ahalbidetzen ez duten soldatak, lanaldi "oso altua", malgutasun "handia", kontratazioan "iruzurra" edo "lan-istripu ugari" aipatu dituzte.
Egoera horren aurrean, hiru greba egun deitu dituzte, SEA hitzarmen "duin" bat lortzeko "mugi dadin".
Sindikatuek KPIaren gaineko soldata-igoerak eskatu dituzte, 14 ordainsarietan 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin; lanaldia nabarmen jaistea; azpikontratetako langileen subrogazioa; kontratazioan iruzurraren aurkako neurriak; eta behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.
Era berean, benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta lan-osasuna bermatzeko neurriak, baimenen hobekuntzak eta hitzarmena aplikatzeko bermeak eskatzen dituzte.