Ekonomia -

Inbertsioak

Bizkaiak soberakinetako 270 milioi bideratuko ditu Metroa Galdakaora heltzeko eta Artatza estaltzeko

Unai Rementeria ahaldun nagusiak iragarri duenez, iazko gerakin horietako beste 150 milioi euro gordeko dituzte Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko egitasmo bereziren bat egin beharko balitz.

180 milioi bideratuko dituzte Bilboko metroaren 5. lineako lanak egiteko. EITB Media
Bilboko metroaren 5. linearen bidea.
180 milioi bideratuko dituzte Bilboko metroaren 5. lineako lanak egiteko. EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak 2021eko aurrekontuetatik gastatu gabe geratutako dirutzarekin finantzatuko ditu lurraldearentzat "estrategikoak" diren proiektuak, hala nola,  Bilboko metroa Galdakaora iristeko lanak edota Leioako Artatza errepidea estaltzekoak. Hala iragarri du prentsaurrekoan Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, iazko aurrekontuen behin-behineko likidazioa onartu ostean.

Foru erakundeak, EAEko beste batzuek bezala, zorpetzearen alde egin zuen covid-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko —hala egiteko baimena eman zuen Europak— eta 2022 honetan egiaztatu duenez, 419,7 milioi euro ditu oraindik gastatu gabe, soberakin gisa.

Ahaldun nagusiak iragarri duenez, kopuru horren bi heren, zehazki 269,3 milioi euro, datozen ekitaldietan amaitu beharreko" proiektu estrategiko batzuk bermatzeko" erabiliko dituzte. Hala, 180 milioi euro Bilboko metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera heltzeko lanetara bideratuko dituzte, baita lur azpiko trena Euskotreneko lineekin (Busturialdea eta Durangaldea) lotzeko ere.

Era berean, Artatzako errepideak Leioan duen tartea estaltzeko 65 milioi euro erabiliko dituzte.

Soberakinen 8,7 milioi Leioako eta Elorrioko adinekoen egoitzak eredu berrira moldatzera zuzenduko dituzte. Antzeko kopurua, 8 bat milioi, erabiliko dute bazterketan dauden pertsonei laguntzeko etxebizitzak erosteko. Halaber, Lezama, Arratia eta Uribeko bide zaharreko bide berde berriak eraikiko dituzte, eta horretan bi milioi gastatuko dituzte.

Foru Aldundiak lehen sektorerako hainbat neurri jarriko ditu martxan, eta soberakinen zati bat horrela banatuko du: 1,5 milioi euro aurrez aurreko plan baterako eta 1,5 milioi euro baso-laguntzen eta efizientzia energetikoa hobetzeko plan baterako. Azkenik, 2,6 milioi erabiliko ditu mendiak erosteko eta bertan baso-espezie autoktonoak landatzeko.

Azkenik, gerakinen beste herena, 150 milioi euro, gorde egingo du foru erakundeak, "zuhurtzia gidari hartuta, eta gaur egungo egoera ekonomikoa eta zalantza-giro orokorra kontuan edukita", laguntza plan edo ekintza bereziren bat abian ipini edo orain aurreikusita ez dagoen aparteko gasturen bat egin beharko balitz ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Galdakao Bizkaia Metro Bilbao Ekonomia Eguneko albisteak Leioa Albisteak EAEko Udal eta Foru Aurrekontuak Galdakao-Usansolo Ospitalea Zerga politika Bizkaiko Foru Aldundia