Ekonomia -

CNMC

Gasaren prezioa % 500 baino gehiago igo zen Espainian 2021ean

Igoera antzekoa izan da Europako beste herrialde batzuetan. Gasaren ia erdia (% 42,7) Aljeriatik inportatu zen iaz, eta Errusiatik, aldiz % 8,9, Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordearen azken txostenaren arabera.

Gasaren industriari buruzko feriako bisitariak, apirilean Moskun. Argazkia: EFE
Gasaren industriari buruzko feriako bisitariak, apirilean Moskun
Gasaren industriari buruzko feriako bisitariak, apirilean Moskun. Argazkia: EFE

Iker Gonzalez | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasaren prezioaren gorakada merkatu espainiarrean esponentziala izan zen 2020ko abenduaren eta 2021ko abenduaren artean, Errusiako tropen sakabanaketa Ukrainako mugaren inguruan hasita zegoenean, inbasioa hasi aurretik

Zehatz-mehatz, 2020ko abenduan 18,11 eurotan ordaintzen zen MWh Gasaren Merkatu Iberiarrean (MIBGAS), baina 111,14 euroko kuotara (% 508,6 gehiago) heldu zen hurrengo urteko abenduan, Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak 2021 urteko handizkako merkatuari buruz argitaratu duen azken txostenean agertzen denez.

Igoera ikaragarri hori gas naturalaren ekoizpena nazioartean % 5 handitu zen testuinguruan eman da. Igoerak AEBko ekoizpenaren gorakadak lagunduta egin du gora, % 50 handiagoa izan baita, munduko hirugarren handienean bihurtuta, Australia eta Qatarren ostean. 

Gasaren prezioaren gorakada etengabekoa izan da 2020ko udazkenetik aurrera, pandemiaren osteko susperraldi ekonomikoagatik, hidrokarburoen demanda aktibatu baitzuen berriz.

"Zehazki, merkatu asiarreko demandaren igoerak tentsioa eragin zuten nazioarteko merkatuan, bai Asian, baita Europan ere", dio txostenak.

2021ko udazkenean, urrian hain zuzen, lurrazpian dauden gas-biltegien betetze maila oso baxua zen aurreko urtearekin alderatuta, gehien bat "gas errusiarra mugatu zelako epe luzean, eta geopolitikan sortu zen ziurgabetasunagatik, Errusia eta Ukraina artean sortutako tentsioen ondorioz, eta NordStream 2 gasbidearen funtzionamendua atzeratu egin zelako".

Gasaren ia erdia, Aljeriatik

Merkatu espainiarra hornitzen duen herrialde garrantzitsuena Aljeria izan da epe horretan, handik inportatu egin baita gasaren % 42,7 (2020an baino % 16,6 gehiago); ondoren, AEB (% 14,2), Nijeria (% 11,5), Errusia (% 8,9) eta Qatar (% 6,3) kokatu dira.

Espainian bertan ekoitzitako gasa (1.418 GWh) "Viurako (Errioxa) hobitik hartutakoa da, eta merkatuko gasaren % 0,34 besterik ez da izan", txostenaren arabera.

Azpimarratzekoa baita ere Magrebeko gasbidearen etetea, Aljeria eta Marokoren artean sortutako desadostasunengatik, gasaren garraioari buruzko kontratua dela eta.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Errusiaren inbasioak eragindako krisia Errusia Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala