Ekonomia -

Aralarreko larreen irekiera

EHNE Gipuzkoa: "Erakundeak Maiatzaren Lehenean eta Artzain Egunean bakarrik oroitzen dira gurekin"

Abeltzainak eta ganaduzaleak erakundeen arteko "ika-miken" erdian harrapaturik daudela salatu du Garikoitz Nazabal presidenteak. Horrela, askotan egin beharreko inbertsioak erdibidean geratzen direla edo ez direla egiten nabarmendu du.

Aralar, Usurbetik. Carlos Mediavilla EiTB Mediako erabiltzailearen argazkia.
Aralar, Usurbetik. Carlos Mediavilla EiTB Mediako erabiltzailearen argazkia.
Aralar, Usurbetik. Carlos Mediavilla EiTB Mediako erabiltzailearen argazkia.

Eriz Lotina | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garikoitz Nazabal EHNE Gipuzkoako presidenteak eitb.eusi azaldu dionez, "erakundeak bakarrik Maiatzaren Lehenean eta Artzain Egunean gogoratzen direnaren sentsazioa dute abeltzainek eta ganaduzaleek".

Aralarko Abeltzainak, ENBA eta EHNE sindikatuak ez dira igandeko Aralarko larreen irekiera ekitaldi ofizialera joango, "egun bateko jaiaz haratago", mendiko abeltzaintza "urte osoan" babestu behar dela iritzita.

Urte osoan zehar lurralde kudeaketa beharrezkoa dela aldarrikatu Euskal Herriko Nekazarien Elkarteko ordezkariak. Zentzu horretan, Enirio-Aralar Mankomunitatearen zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren kudeaketa gogor kritikatu du Nazabalek.

Abeltzainak eta ganaduzaleak bi erakundeen arteko "ika-miken" erdian harrapaturik daudela salatu du. Horrela, askotan egin beharreko inbertsioak erdibidean geratzen direla edo ez direla egiten nabarmendu du. Elkarri erantzukizuna ematea aurpegiratu die Mankomunitateari eta Aldundiari.

Aralarreko pisten egoeraren inguruan galdetuta, Nazabalek "bi tarte kaskar" baino ez dituztela egin esan du. Era berean, dagoeneko martxan dauden pisten mantentze-lan eta egoera "eskasa" salatu du.

Azpiegitura horiek eraikitzeak piztu zuen polemika gogora ekarri du sindikatuko ordezkariak, ekologisten protestak eragin baitzituen. "Autobia bat egingo balitz bezala hartu zuten, hiru metro zabalerako pistak baino ez dira", adierazi du.

Nazabalen hitzetan, "diskurtso ekopopulistek ganaduzaleak naturaren ustiatzaile gisa" aurkezten dituzte. Horren harira, diskurtso horien menpeko izatea leporatu die erakundeei.

Sektoreko profesionalak egoerarekin "erreta" daudela argi utzi du EHNE Gipuzkoako buruzagiak. Horregatik, batzarra egin eta planto egitea erabaki zuten.

Bestalde, sektorearen etorkizunarekin kezkatuta azaldu da; izan ere, lan-baldintza "nekagarriekin" gazteek erreleboa hartzea zail ikusten du, baita profesional beteranoenek ogibidean jarraitzea ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Nafarroa EAE Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Euskal sindikatuak Nekazaritzaren egungo albisteak Abeltzaintza albisteak Aralar mendilerroa