Ekonomia -
MAIATZAREN LEHENA
"Bukatu dira aitzakiak eta justifikazioak. Errotik egindako aldaketak behar ditugu" aldarrikatu du LABek
"Gobernuentzat, pertsonak zaintzea, pertsonak erdigunean jartzea, eslogan hutsa bihurtu da. Ez da behar diren aldaketak bultzatzeko eztabaidarik edo neurririk bultzatzen" salatu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
"Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza, enpleguaren eta banaketaren alde" lelopean egin ditu LAB sindikatuak Maiatzaren Lehen honetan, Langileen Eguna ospatzeko eta aldarrikatzeko deitutako mobilizazioak. "Gobernuentzat, pertsonak zaintzea, pertsonak erdigunean jartzea, eslogan hutsa bihurtu da. Ez da behar diren aldaketak bultzatzeko eztabaidarik edo neurririk bultzatzen" salatu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilbon, manifestazio nagusian.
"Bukatu dira aitzakiak eta justifikazioak. Errotik egindako aldaketak behar ditugu" aldarrikatu du Araburuk 11:00etan Zabalburu Plazatik abiatu eta hiriburuko kale nagusiak zeharkatu ondoren, bere hitzaldia entzuten ari ziren kideen aurrean.
Bilboz gain, Donostian, Gasteizen, Baionan, Maulen, Iruñean, Lizarran, Tafallan, Tuteran, Eibarren, Beasainen eta beste hainbat herritan ere izan dira mobilizazioak.
Aranburuk lan eta gizarte berdintasuna, zaintzaren duintasuna eta Pedro Sanchezen Gobernuaren jarraipen itsusik egin gabe, Euskal Herritik egindako politikak defendatu ditu. LABeko idazkari nagusiak nabarmendu duenez, "birbanaketari buruzko eztabaida soziala behar dugu, ondorioak berriro langileen bizkar geratzea saihestuz".
"LABek ez du ontzat emango eta ez du parte hartuko langileen eros ahalmenaren galera onartzea dakarren errenta-itunik" esan du Aranburuk, Espainiako Gobernuak egindako proposamenari erreferentzia eginez.
Egungo krisia "kapitalismoak" eta "azken hamarkadetan ezarritako politika neoliberalek" eragin dute LABen iritziz, eta ez "pandemiak edo Ukrainako gerrak". Aranburuk lan-kode propioa eta Gizarte Segurantzaren lege propioa aldarrikatu ditu.
Nabarmendu du, halaber, urtean 500 milioi euro gehiago bildu ahal izango lituzketela zerbitzu publikoek enpresei zerga-aldaketak eginez gero.
"Foruaren Amejoramenduarekin egindako akats historikoa konpontzeko" eskatu dio LABek Chiviteri
Ildo berean, Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramaileak Iruñean esan du "egoera jasanezin honen aurrean" beharrezkoa dela zaintza lanen banaketa eta duintasuna, eta horretarako funtsezkoa dela "lanaldia murriztea". "Garrantzitsua da enplegua banatzea, baina baita zaintza-lanak aitortzea ere"; izan ere, "emakumeak bakarrik arduratzen dira horretaz", salatu du, eta "ez dute errekonozimendu ekonomiko eta politikorik".
EAEn Aranburk egin bezala, zerbitzu publikoen hobekuntza eta "bidezko zerga-erreforma" aldarrikatu ditu.
Maria Chivite Foru Gobernuko presidenteari Nafarroarentzako "politika propioak" eskatu dizkio, "Madrilgo neurrietara mugatzeak Nafarroako herritarrei kalte egiten baitie" esan du Karrerak.
Era berean, duela 40 urte Foruaren Amejoramentua onartu zela gogoratuz, "proposamen guztiz baztertzailea" izan zela salatu du, "Nafarroako herritarren % 33 alde batera utzi zituelako". Hori dela eta, "akats historiko hori zuzentzeko eta Nafarroako herritarrei hitza eta botoa emateko" eskatu dio Chiviteri, "Nafarroak zein estatus politiko nahi duen eta zein eredu ekonomiko eta sozial nahi duen erabaki ahal izan dezan", "Madrilen ezinezkoak diren aldaketa guztiak hemen posible egiteko".