Ekonomia -
Makina-erreminta
Aurten pandemia aurreko zifrak gainditzea aurreikusten du makina-erremintak
AFM Cluster enpresa-elkartearen esanetan, 2021a suspertze-urtea izan da, eta, Ukrainako inbasioa eta beste gertaera batzuk gorabehera, hazkundea mantendu egin da 2022ko lehen lauhilekoan,
O. P. | EITB Media
Makina-erremintaren sektoreak 2022an pandemiaren aurreko zifrak gainditzea aurreikusten du, Ukrainako gerra eta mundu mailako ziurgabetasunaren "egoera kezkagarria" gorabehera, eskaera maila ona delako; horrenbestez, iaz 1.571 milioi eurora iritsi zen fakturazioa % 7 edo % 10 inguru handitzea espero du.
AFM Cluster enpresa-elkarteko presidenteak eta zuzendari nagusiak, Cesar Garbalenak eta Xabier Ortuetak, hurrenez hurren, prentsaurrekoa eman dute Donostian. Bertan, 2021eko sektorearen datuen berri eman eta ekitaldi honetarako aurreikuspenak jakinarazi dituzte.
Garbalenaren esanetan, "2021a fakturazio-zifrak berreskuratzeko urtea izan da", % 18,66 handitu zen 1.571,20 milioi eurora iritsita, baina hazkundea desberdina izan zen azpisektoreen arabera.
Susperraldia eskaeren gorakadari esker dator, batez ere. 2021ean covid-19arekin "galdutako guztia" berreskuratu zen; izan ere, adibidez, makina-erremintaren kasuan, eskaerak ia % 30 hazi ziren 2019arekin alderatuta, eta % 70 2020ko "atipikoa"-ren zifrak kontuan hartuta.
Esportazioei dagokienez, 2021eko susperraldia are nabarmenagoa da, 1.241,47 milioi euro fakturatu baitira atzerrian, 2020an baino % 23,41 gehiago.
AEB, Italia, Alemania, Txina, Frantzia, India, Turkia, Portugal, Mexiko eta Erresuma Batua izan dira gehien esportatu diren herrialdeak.
Hala ere, "merkatuaren portaera ona" bada ere, Garbalenak ohartarazi du iazko ekitaldian zehar eta, bereziki, bigarren hiruhilekotik aurrera, "zailtasunak" sortu zirela, eta horiek kolokan jar dezaketela enpresek beharrezko inbertsio-mailei eusteko "errentagarritasuna".
"Osagai eta material falta eta garestiei eta merkatuetara (batez ere Txinara) sartzeko zailtasunei, energiaren prezioaren igoera handia gehitu behar zaie", azpimarratu du.
"Horrek guztiak, inflazio-tasa altuarekin batera, eragin handia du kostuetan" eta horrek ahaleginak "eskaeren marjina eta epeen defentsan" kontzentratzera behartzen ditu.
Egoitza Donostian duen AFM Cluster elkarteak Euskadin errotutako 700 enpresa biltzen ditu, guztira 16.500 behargin biltzen dituzte eta 3.000 milioi euro fakturatzen dituzte denen artean.
Erakundeak datorren ostiralean egingo du batzar nagusia Gipuzkoako hiriburuan, eta, lau urteren ostean, Barakaldoko BECen, ekainaren 13tik 17ra, 1.200 enpresa erakusketari baino gehiagorekin ospatuko den BIEMH makina-erremintaren biurteko tradizionala antolatzeko prestaketak egiten ari da.