Ekonomia -
Osakidetza
Osakidetzak legegintzaldian egonkortuko dituen lanpostuen kopurua bikoiztu duela defendatu du Sagarduik
4.000 plaza lehiaketa publikora deitzeko konpromisoari, sektore publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko legean jasotakoak gehitu behar zaizkio.
Mikel Dominguez | EITB Media
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak kontrol saioan azaldu duenez, EAJren taldeak egindako galdera bati erantzunez, Eusko Jaurlaritzak bikoiztu egin du legegintzaldiaren hasieran egonkortzeko konpromisoa hartu zuen plazen kopurua, 4.000tik 8.000ra igarota. Horren arrazoia da 2018-2019 eta 2020-2021 urteetako lan-eskaintza publikoei gehitu zaizkiela Diputatuen Kongresuan iaz onartutako behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien legeari jarraituz egonkortuko diren lanpostuak.
Joan den astean mahai sektorialak egindako bileran iragarri zuen bezala, Sagarduik gogorarazi du gehienez 3723 plaza egonkortuko dituztela Iceta legearen bidez, eta egonkortze prozesuan jarraituko diren prozesuak zehaztu ditu: lanpostu batzuk lehiaketa-oposiziora aterako dira, eta beste batzuk merezimendu-lehiaketara. Deialdia abenduaren 31 baino lehen egin behar da, Espainiako legeak ezarritakoaren arabera, eta 2024ko abenduaren 31n amaituta egon behar da prozesu osoa.
Osasun sailaren ordezkariaren iritziz, sindikatuen ordezkariek mahai sektorialean parte hartzea "funtsezkoa" da, haien erabakiek "milaka langileri zuzenean eragiten dietelako". Sindikatuek, ordea, negoziatzeko borondaterik eza leporatu diote, eta azken bileraren ostean, Osasun Sailak egonkortu beharreko plazen kopuruari buruzko informazioa besterik ez zuela eman kritikatu zuten.
Sailburuak martxan dauden LPEen epeak ere gogorarazi ditu. "Egonkortze-tasa alde batera utzita, garrantzitsuena 2018-2019 LPE gauzatzea da". Bertan, 1610 lanpostu eskaini dira lehen fasean (azterketak ekainean eta uztailean izango dira) eta 1925 bigarrenean (izen-ematea ekainaren 2ra arte dago irekita).
"Bi urtean, 7258 lanpostu Osakidetzako langile kopurua handitzeko", amaitu du Sagarduik.