Ekonomia -
'Euskal Y'a
AHTaren Iruñeko lotunea aztertzeko bilera egingo du aurki Ministerioak EAEko eta Nafarroako gobernuekin
Raquel Sanchez Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak esan du "uda baino lehen" bilduko dituela bi gobernuak.
Agentziak | EITB Media
Abiadura Handiko Trena (AHT) Iruñarekin lotzeko bidea zehazteko bilera iragarri du "uda baino lehen" Raquel Sanchez Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin.
Hala iragarri du Sanchezek Kongresuko kontrolerako saioan, Carlos Garcia Adanero diputatuak (UPNtik kanporatua dago) eta Bel Pozueta EH Bilduko ordezkariak egindako galderei erantzunez.
Ministroaren esanetan, "harreman bikaina" du bi gobernuetako garraio arduradunekin. Dena dela, aitortu du "desadostasunak" egon badaudela lotura egiteko bideaz.
Ildo beretik mintzatu da Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta PSNko buruzagiak. Nabarmendu duenez, "laster topatuko dugu irtenbidea". Remirezek adierazi du harreman "ona" duela Jaurlaritzarekin, baina ez du zehaztu zein bide nahiago duen Nafarroako Gobernuak.
Bi aukera omen daude mahai gainean, biak ala biak "aztergai", Sanchezen arabera. "Euskal Y"a eta Iruñea Gasteiztik lotzea da lehenengoa; bigarrenak, Ezkio-Itsasotik (Gipuzkoa) egitea proposatzen du.