Politika -
Garraioa
EH Bilduk AHTren Iruñea-Gasteiz loturako lanak bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari
Azpiegitura hori "garestiegia, eta gizartearen gehiengoak dituen mugikortasun eta garraio beharrentzat desegokia" dela salatu du, eta egungo trenbide sarean gehiago inbertitzea eskatu du.
EH Bilduk ekimenak sartuko ditu Espainiako Gobernuari eskatzeko bertan behera utz ditzala Araba eta Nafarro lotzeko AHTren azpiegitura eraikitzeko izapideak.
Era berean, Nafarroako eta EAEko parlamentuetan tokian tokiko gobernuei gogoeta egiteko eskatuko die tren garraioaren sarea larrialdi klimatikoaren testuinguruak sortutako erronkei eta mundu mailako eraldaketari egokitzeko.
Horixe adierazi dute Iruñean egindako prentsaurreko batean Bel Pozueta diputatuak eta Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak, Adolfo Araiz parlamentaria eta Iñaki Ruiz de Pinedo diputatua aldamenean zituztela.
Garraioaren sare transeuroparrraren berrikuspenaren baitan Nafarroako eta Arabako hiriburuen arteko abiadura handiko linea ordezkatzea planteatu ostean egin dituzte adierazpenak.
Izan ere, TEN-T Trans-European Transport Networkek bi hirien artean trenbide sare arrunta jartzea proposatu du, eta horrek agerian uzten du egungo lineak berritzeak izan dezakeen interesa, Fernandez de Betoñoren esanetan.
"Oso nabarmena da herri honetako inbertsio publiko handiena zentzugabekeria dela, ez du arrazionaltasun ekonomikorik, garestiegia da, eta gizartearen gehiengoak dituen mugikortasun eta garraio beharrentzat desegokia", azaldu du.
"Europako Diru-Kontuen Auzitegiaren txostenak, TEN-T idatziak eta akademia arloko beste lan askok zalantza guztiak uxatzen dituzte, ez dago Abiadura Handiko Linea berriak egitearen zentzugabekeria defendatzeko argudiorik", gaineratu du.
EH Bilduk akordioa egin du berriki Espainiako Gobernuarekin 2022ko aurrekontu orokorretan 200.000 euroko partida bat sartzeko Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza lineako tren azpiegiturak hobetzeko aukeren inguruan azterketa bat egiteko.
Bestalde, Pernando Barrena europarlamentariak galdera batzuk egin dizkio Europako Batzordeari: ea Iruñea eta Gasteiz lotzeko proiektua jaso duen eta zein den bere iritzia TEN-T txostenaren aurrean.
"EBk gainkostuak, atzerapenak eta lortzen ez diren abiadurak aipatzen ditu. Euskal Y-ren kasuan, gainera, 7.000 milioi euroko kostua izango duela gutxienez, hiriburuetako sarbideak kontuan izan gabe. Txostenean agertzen da sare osoaren gainkostua % 24koa izango dela", azaldu du Fernandez de Betoñok.