Ekonomia -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Lan gatazkak konpontzeko enpresek eta sindikatuek duten negoziazio gaitasuna azpimarratu du Mendiak

Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuaren arabera, negoziazioa da lan baldintza onak lortzeko biderik onena.

Idoia Mendia. Argazkia: Radio Euskadi
Idoia Mendia
Idoia Mendia. Argazkia: Radio Euskadi

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lan gatazkak nabarmen ugaritzen ari diren honetan, enpresek eta sindikatuek duten negoziazio gaitasuna nabarmendu du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak. Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, negoziazioa da lan baldintza onak lortzeko biderik onena.

Idoia Mendiak onartu du zailak izan ohi diren negoziazioei Ukrainako gerrak eta inflazioaren gorakadak eragindako ziurgabetasuna gehitu behar zaiela. Dena dela, itxaropentsu mintzatu da, eta Gipuzkoako metalean eta eraikuntza sektorean berriki lortu dituzten akordioak jarri ditu adibide gisa.

Mercedesen inguruan galdetuta, baikor hitz egin du Lan eta Enplegu sailburuak eta, uste duenez, enpresak eta langileen ordezkariek akordioa lortuko dute eta 1.200 milioi euroko inbertsioa gauzatuko da.

Bestalde, Espainiako Gobernuak larunbatean onartuko du Ukrainako gerrak eragindako krisiari aurre egiteko indarrean dauden neurriak luzatzeko dekretua. Ondoren, Espainiako Diputatuen Kongresuak berretsi egin beharko du eta koalizio gobernuak ez du oraingoz babes nahikorik. Dena dela, Mendiak espero du EAJk, EH Bilduk eta beste batzuetan ere Sanchezen gobernua babestu izan duten beste alderdi batzuek aurrera ateratzea ahalbidetuko dutela.

Dekretu horrek jasoko duen neurrietako bat izango da argindarraren BEZa % 10etik 5era jaistea. Zenbait sektoretatik Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari aurpegiratu diote Andaluziako hauteskundeetan izandako emaitza txarraren ondorio izan dela. Idoia Mendiak hori diotenei erantzun die oso gutxi ezagutzen dituztela Espainiako gobernuburua eta Alderdi Sozialista.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Grebak albisteak Lana Idoia Mendia Ekonomia albisteak PSE-EE Araba Albisteak Gaur Albisteak Lan gatazkak azken ordukoa