Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Ekainaren 29an eta 30ean lanuzte bateratua egitea adostu dute Mercedes Benzeko sindikatu guztiek
Hala, ELA, LAB eta ESK sindikatuek bertan behera utzi dituzte ekainaren 27rako eta 28rako, eta uztailaren 1era deituta zituzten greba, eta datorren asteazkenerako batzarra deitu dute, aurrera begirako urratsak adosteko.
EITB MEDIA
Gasteizko Mercedes Benz lantegian ordezkaritza duten sindikatu guztiek datorren asterako deituta zituzten greba deialdien inguruan ados jartzea lortu dute, eta ekainaren 29an eta 30ean lanuzte bateratua egingo dute.
Helburuetan bat etorri arren, negoziazio-estrategian ez datoz bat sindikatu guztiak, eta bitan banatuta daude: batetik, UGT eta CCOO, eta bestetik, ELA, LAB eta ESK. Azken horiek, aste osoko lanuztea deituta zuten (ekainaren 27tik uztailaren 1era), baina gaur adostasuna erdietsita, bertan behera utzi dituzte ekainaren 27ko eta 28ko, eta uztailaren 1eko lanuzteak.
Joan den asteazkeneko greba-deialdiak izandako jarraipen zabalaren ondotik etorri da bi blokeen arteko akordioa, sindikatu abertzaleek jakinarazi dutenez. Azken bi hamarkadetan Gasteizeko Mercesdes Benz plantan egin den protestarik handiena izan zen, produkzioa guztiz gelditzeraino.
Enpresa alemaniarreko zuzendaritzak, bere aldetik, ez du, oraingoz, lan-hitzarmena berritzeko borondaterik azaldu, eta ohartarazi du Gasteizeko plantan egin asmo duten 1.200 milioi euroko inbertsioa baldintzatu dezakela egungo egoerak.
Hain zuzen, asteartean bertan oharra bidali zien langile guztiei zuzendaritzak, greba deialdiak "guztiz inkoherenteak" direla esanez. Negoziazio kolektiboa "boikoteatzea" egotzi zion lan-batzordeari.
Gauzak horrela, ELA, LAB eta ESK sindikatuek gaur jakinarazi dute batzarra deituko dutela datorren asteazkenerako, hilak 29, eta plantilla osoa dagoela deituta, "inposaketarik eta baldintzarik gabe". Aurrera begirako lan-ildoa zehaztuko dute bertan.