Ekonomia -

Greba Mercedes-en

Greba eguna Mercedesen "jarraipen zabalarekin" zuzendaritza eta sindikatuak berriro bilduko diren egunean

Sindikatuen arabera, deialdia "jarraipen zabala" izaten ari da, aurreko egunetan bezalaxe. Greba deialdi hau, atzokoa bezala, ez du gehiengo sindikalak babestu.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek atzo Gasteizen deitutako manifestazioaren irudia. Argazkia: EFE
ELA, LAB eta ESK sindikatuek atzo Gasteizen deitutako manifestazioaren irudia
ELA, LAB eta ESK sindikatuek atzo Gasteizen deitutako manifestazioaren irudia. Argazkia: EFE

I.G. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greba eguna gaurkoan ere, Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegian, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Sindikatu deitzaileek goizeko lehen orduan adierazi dutenez, deialdia "jarraipen zabala" izaten ari da, aurreko egunetan bezalaxe.

Gaur, hain zuzen ere, sindikatuak eta zuzendaritza biltzekoak dira berriz, jarrerak malgutu eta akordioa bilatzeko helburuarekin. Aurreko bilera asteartean izan zen, eta, bukatutakoan, bi aldeek adierazi zutenez, jarrerak hurbildu zituzten, halere, sindikatuek zehaztu zuten ez zela ia aurrerapausorik izan.

Sindikatuak eta zuzendaritza asteartean bildu ostean, UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek, alegia, lantegian ordezkaritzaren gehiengoa dutenek, atzo eta gaurko greba bertan behera uztea erabaki zuten, eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek deialdiari eutsi zioten.

Gainera, atzo, Iñigo Urkullu lehendakaria Mercedez-Benzeko presidentearekin bildu zen Stuttgarten eta, bileraren ostean, Alemaniako enpresak eta automobilgintzaren eta industriaren sektoreak bilatzen dituzten malgutasuna eta bizkortasuna "barneratzeko" deia egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz CCOO UGT Lan gatazkak ESK Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan