Ekonomia -

Greba Mercedesen

ELAk, LABek eta ESK-k, zuzendaritzari: "Keinu bat baldin badago, grebak bertan behera uzteko prest gaude"

Sindikatuek negoziazio mahaiaren bilera eskatu diote zuzendaritzari astelehenerako edo astearterako, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Asteko hirugarren lanuztea da hau, eta, beste behin, ekoizpena gelditzea lortu dute langileek.

Mercedes Vitoriako langileen gaurko manifestazioa. Argazkia: EITB Media
Mercedes Vitoriako langileen gaurko manifestazioa.
Mercedes Vitoriako langileen gaurko manifestazioa. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteon hirugarren egunez, etenda dago ekoizpena Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegian, beharginen gehiengoak ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako greba deialdiarekin bat egin duelako. Datorren asterako beste hiru lanuzte (asteazken, ostegun, eta ostirala) deitu dituzte sindikatuok, baina jakinarazi dute prest daudela mobilizaziook bertan behera uzteko, baldin eta zuzendaritzak "keinu bat" egiten badu. 

Hiru sindikatuon izenean, Mikel Diaz de Alda LABeko kideak azaldu duenez, zuzendaritzari negoziazio mahaiaren bilera eskatu diote datorren asterako, astelehen edo astearterako. Sindikatuon hitzetan, "langileek erabat errefusatzen dute seigarren gaua, eta soldatak KPIaren arabera eguneratzea aldarrikatzen dute". Horren harira, zuzendaritzak mugimendurik egiten badu, lanuzteak bertan behera uzteko prest daudela argitu dute. "Gu prest gaude, enpresak du azken hitza", erantsi dute. 

Esan bezala, gaurkoa asteko hirugarren greba eguna da, eta azken asteotako seigarrena. Lanuzteek iraun artean negoziazioa etenda zegoela jakinarazi zion Mercedeseko Gasteizko zuzendaritzak enpresa batzordeari. 

Aurrez, asteartean, enpresak eskaintza jarri zuen mahai gainean; horretan, hainbat soldata-hobekuntza zeuden, bai eta malgutasun-proposamen batzuk ere. Batzordeko bi blokeek, baina, desberdin jaso zuten proposamen hori: ELA, LAB eta ESK sindikatuen iritziz, ez zen nahikoa; UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek, aldiz, lanuzteekin bat ez egitea erabaki zuten, elkarrizketa errazte aldera.

"Langileen dinamika" apurtzea

Ostiralean, ELA, LAB eta ESK sindikatuek Batzordeko gainerako sindikatuei leporatu diete "langileak egiten ari diren dinamika apurtzen" saiatzen ari direla; langileak, sindikatu horien arabera, "egunez egun, borrokaren eredua ematen ari dira eskubide gehiagorik ez galtzeko".

Ohar bidez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek azaldu dute ostegunean, Ajuria Enearen aurrean egindako elkarretaratzea amaituta, Enpresa Batzordeko gainerako sindikatuek deitu zituztela ostiralean ezohiko bilkura egiteko; bilkura horren helburua zen eztabaidatzea datorren asteko asteazken, ostegun eta ostiralerako greba egunen gaineko jarraipena, Asanblada Orokorraren deialdia eta astelehenerako Batzorde Negoziazioaren deialdiaren eskaria.

Deialdi horren aurrean, Enpresa Batzordeko gainerako sindikatuen erantzuna izan da ez direla joango, "kontuan izanik ostiralean greba eguna dela"; beste batzuek, baina, "agenda arazoak" dituzte, ELA, LAB eta ESK sindikatuek azaldu dutenez. Zehaztu dute, halaber, "argudiatu dutela, horrez gain, enpresaren erantzunaren zain daudela; diotenez, Zuzendaritzak seigarren gauari uko egiteko 'euren' proposamenaren zain daude, alegia; erantzun horren arabera, agian langileei eskatuko liekete mobilizazioak bertan behera utz ditzatela".

Greba deitu duten sindikatuak "harrituta" daude "jarrera horrekin"; izan ere, beste behin, eskua luzatu diegu, langileak ez ezik Batzordea ere batera joan dadin".

"Harrigarriagoa da orain 'seigarren gauari ezezkoaren' babesleak egitea; langileek eskatu dute hori, eta, enpresaren azken proposamenean, aurrerapenak ikusi zituzten, besteek ikusi ez bagenituen ere. Proposamen horretan seigarren gaua zegoen. Harritzekoa da, bereziki, kontuan izanik batzuek seigarren gau horri eusten diotela, ez dutela baztertu, eta ez dutela hartu konpromisorik ez sinatzeko", salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA albisteak LAB albisteak Grebak albisteak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Gasteiz berriak Eguneko albisteak Mercedes-Benz albisteak Lan gatazkak azken ordukoa ESK Automobilgintza