Ekonomia -

Greba Mercedesen

Gasteizko Mercedesen zuzendaritzak negoziazioak eten ditu lanuzteek dirauten artean

Konpainiaren arduradunek jakinarazi diete erabakia enpresa batzordeko kideei. Greba deitu duten sindikatuek (ELA, LAB eta ESK) "nagusikeriaz" aritzea leporatu diote enpresari. CCOOk ere (ez du grebarekin bat egin) uste du enpresak "oker jokatu" duela gaur.

Mercedes Benzek Gasteizen duen lantegia.
Mercedes Benzek Gasteizen duen lantegia.
Ajuria Enearaino eraman dute euren protesta Mercedes-Benzeko langileek

2:05

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko zuzendaritzak sindikatuekin egiten ari zen negoziazioa eten du lanuzteek dirauten artean. Hala jakinarazi diete konpainiaren arduradunek gaur enpresa batzordeko kideei, bi aldeek egin duten bilera laburrean (ordu erdi eskas iraun du).

Berez, gaurko batzarra zuzendaritzak asteartean egindako proposamenaren harira jarrerak hurbiltzeko zen. Hain justu, proposamen horretan "aurrerapausoak" atzemanda, greba deialdia bertan behera uztea erabaki zuen gehiengo sindikalak (UGT, CCOO, Ekintza eta PIM). ELAk, LABek eta ESK-k, ordea, lanuzteei eustea erabaki zuten (asteon hiru egunez: asteazken, ostegun eta ostiral) lan hitzarmenaren "benetako negoziazio" bat eskatzeko. Gaurko lanuztea, "aurrekoak bezala", jarraipen "oso zabala" izaten ari da, sindikatuon hitzetan. Horrenbestez, ekoizpena eten behar izan dute Gasteizko lantegian

Ingurumari horretan, zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi dio negoziazio mahaian aurrerapausorik egongo ez dela ekoizpena etenda dagoen artean, eta, hortaz, hartu-emanak etenda egongo direla. 

Sindikatuen balorazioa

ELA, LAB eta ESK sindikatuek "nagusikeriaz aritzea" leporatu diote zuzendaritzari, eta salatu dute negoziazioak eteteko erabakiarekin "langileak gutxietsi eta mobilizazioa handitu" baino ez duela lortzen. 

"Titos jaunak negoziazioen lema hartu du berriro, baina ez jarrerak hurbiltzeko eta langileek esan diotena entzuteko, baizik eta negoziazioa eteteko. Orain diote grebak dauden bitartean ez dutela negoziatuko, baina duela egun batzuk egin zuten", salatu dute. 

Bestalde, Roberto Pastor CCOOko kideak Euskadi Irratiari esan dionez, "zuzendaritzak oker jokatu du gaur, negoziazioan aurrera egin eta akordio bat lortzeko aukera zeukan eta". Sindikatu horrek eta greba deialdiarekin bat egin ez duten beste zentralek (UGT, Ekintza eta PIM) oinarrien iritzia bilduko dutela jakinarazi dute, aurrerantzean hartu beharreko pausoak erabakitzeko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Sindikatuak Lan gatazkak Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan