Ekonomia -

Lan gatazka

Bederatzigarren greba egunak "jarraipen zabala" izan du Gasteizko Mercedesen

Begiradak astelehenean daude jarrita, orduan erabakiko baitute langileek hitzarmena berritzeko gehiengo sindikalak eta zuzendaritzak lortutako aurreakordioa babestuko duten ala ez.

Grebaren aldeko pegatinak, Gasteizko lantegiaren fatxadan. EITB Media
Grebaren aldeko pegatinak, Gasteizko lantegiaren fatxadan.
Grebaren aldeko pegatinak, Gasteizko lantegiaren fatxadan. EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bederatzigarren egunez, greba eguna izan dute gaur, ostiralarekin, Gasteizko Mercedes-Benz lantegian, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Lanuztea asteleheneko bozketa erabakigarriaren atarian egin dute hilaren 18an, erreferenduma baitute gehiengo sindikalak —UGT, CCOO, Ekintza eta PIM— zuzendaritzarekin lortutako aurreakordioa berretsi ala ez erabakitzeko.

Sindikatu deitzaileek jakinarazi dutenez, jarraipen zabala izan du lanuzteak, tailerretako beharginen gehiengoak babestu du eta. Ez dute baztertzen, halaber, datorren asterako mobilizazio gehiago deitzea. 

Bestalde, UGT sindikatuak salatu du bere afiliatuetako batzuek "mehatxuak" jasan dituztela eta "beldurragatik" ez direla lanera joan. ELA, LAB eta ESK sindikatuek ukatu egin dute mehatxurik egin izana. 

Asteleheneko bozketa, giltzarri

Grebek izan duten jarraipen masibo horrek zalantzan jarri du datorren astelehenean langileek aurreakordioari oniritzia ematea.

CCOO eta UGT sindikatuek aurreratu dutenez, beharginek ituna babesten ez badute, eurek ez dute akordiorik sinatuko. Dena dela, espero dute azkenean langileek aurreakordioa onartzea. 

Loli Garcia Euskadiko CCOOko idazkari nagusiaren hitzetan, aurreakordioa "ona" da, "baldintzetan ez dutelako atzera egiten eta eskubideetan aurrera egiten duelako". 

Alabaina, Emilio Titos Gasteizko lantegiko zuzendariak egindako ohartarazpena hor dago. Adierazi zuenez, beharginek "aurreakordioari 'ez' esaten badiote, akaberaren atarian egongo gara". 

Kexak bozketaren aurrean

Igor Guevara Batzordeko presidenteak "txiringitotzat" jo du hurrengo astelehenean izango den erreferendumaren antolaketa.

Enpresak ostegun honetan 5.000 langileei zirkular bat bidali zien bozketaren ezaugarriak azalduta. Bertan, "akordioa bai" edo "akordioa ez" galdetegiaren bi aukerak aurkeztu ziren.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek kritikatu dute ez dituztela kontuan hartu prozesua diseinatzeko unean, nahiz eta laguntzeko prest agertu izan.

Guevarak, bere aldetik, azaldu du langileei presentzialki bozkatzea eskatuko dietela, telematikoki egin beharrean. Aldi berean, UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuei eskatu die argitzeko zer egingo duten aurreakordioan ezezkoak irabazten badu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak ESK Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan