Ekonomia -

GARRAIOLARIAK

Kamioientzako bidesariak ezarriko dituzte Bizkaiko bost errepidetan

3,5 tona baino gehiagoko merkantzia-ibilgailu astunei ezarriko zaie kanona honako errepide hauetan: A-8 autobidean Basurtotik Hayara; N-240 errepidean, Barazarren; N-636an Durangotik Gipuzkoarako tartean, Kanpazarretik; Txorierriko korridorean; eta BI-625 bidean, Laudiotik Basauriraino.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko bost errepidetan kamioientzako bidesariak ezartzea adostu dute gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, EAJren eta PSEren aldeko botoekin. EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia abstenitu egin dira bozketan, eta PPk kontrako boza eman du.

Onartutako foru-arauaren arabera, 3,5 tona baino gehiagoko merkantzia-ibilgailu astunei ezarriko zaie kanona honako errepide hauetan: A-8 autobidean Basurtotik Hayara; N-240 errepidean, Barazarren; N-636an Durangotik Gipuzkoarako tartean, Kanpazarretik; Txorierriko korridorean; eta BI-625 bidean, Laudiotik Basauriraino. Urte honen amaieran sartuko da indarrean neurria.

Neurria onartu berritan, Imanol Padrales Bizkaiko Azpiegitura diputatuak adierazi du Europako zuzentarau bat oinarri hartuta erabaki dutela kamioiei bidesariak ezartzea. Europar Batasunaren jasangarritasun planaren arabera, erabiltzen dutenek ordaindu behar dute errepide nagusien mantenua nahitaez. 

EAJren Batzar Nagusietako taldeak azaldu duenez, garraiolarien sektorearekin "etengabe harremanetan" daude, eta horien egoera zein den ondo dakite. 

Ildo beretik mintzatu da sozialisten taldea ere. Horiek azpimarratu dutenez, "errepideak doan" direla esatea "falazia hutsa" da, "horien mantenua ordaindu egin behar delako". 

EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak, bestalde, garraiolariek bizi duten "egoera zaila" nabarmendu dute, eta horientzako laguntza-plan bereziak aldarrikatu dituzte. Halaber, bidesariak ezartzekotan, sektorearekin adostutako formulen bidez egiteko eskatu dute, kaltea ahalik eta txikiena izan dadin.

Azkenik, kontra bozkatu duen talde popularraren izenean, Eduardo Andrade bozeramaileak "bidegabetzat" jo du kanona, eta gaineratu du erabaki horrek erregaien prezioekin itota dagoen sektorea are gehiago estutzea ekarriko duela.

Garraiolarien protesta

Neurria onartuko zela jakin zutenetik, haserre dira garraiolariak eta gaur elkarretaratzea egin dute Gernikako Batzar Etxearen atarian, goizeko 08:30ean, Asotrava eta Hiru elkarteek deituta. Bidesariak ezartzea gogor salatu dute, eta garraio sektorea babesteko neurriak eskatu dituzte:

Bizkaiko garraiolarien elkarretaratzea Gernikan, kamioientzako bidesarien aurka
Bizkaiko garraiolarien elkarretaratzea Gernikan, kamioientzako bidesarien aurka
Bizkaiko garraiolarien elkarretaratzea Gernikan, kamioientzako bidesarien aurka

0:37

Garraiolariei ezarriko zaien kanona "kontu publikoen defizit orokorrari aurre egiteko eta zulo hori estaltzeko" neurria dela esan dute. Gainera, garraiolarien iritzian, "neurri baztertzailea da, ez delako errepideen erabiltzaile guztientzat jarri, eta garraio astuna soilik jarri dute jomugan".

Halaber, erabakia "une jasangaitz" batean etorri dela salatu dute garraiolariek, "erregaien prezio altuek eragindako krisi garaian". Hori dela eta, berehalako laguntzak eskatu dituzte "neurri zigortzaileak ezarri beharrean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Basauri Bizkaia Gipuzkoa Araba Laudio Ekonomia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Durango Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi A-8 Autobidea Kantabria Kamioientzako bidesariak