Ekonomia -
GARAPEN EKONOMIKOA
Eusko Jaurlaritzak 25 milioi euro bideratuko ditu lehen sektoreko proiektuetarako
Arantza Tapiak Handitu programa aurkeztu du, Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko Erreskate Ekonomikoko Funtsaren barruan. Ekimenak elikagaien edo basoen eraldaketarekin, garapenarekin eta merkaturatzearekin lotuta egongo dira.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsio handiko proiektuak egiteko laguntzen deialdia aurkeztu du astearte honetan.
Horretarako, Handitu programa jarri du abian, Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko Erreskate Ekonomikoko Funtsaren barruan.
Laguntzek 25 milioi euroren finantzazioa izango dute, eta 6 milioi eurotik gorako inbertsioetara bideratuko dira.
Ekimenak elikagaien edo basoen eraldaketarekin, garapenarekin eta merkaturatzearekin lotuta egongo dira. Proiektu horien bidez, tokiko eta eskualdeko ekonomiak bultzatu eta eraldatu ahal izango dira, eta dibertsifikazioaren aldeko apustua egingo da. Halaber, negozio aukera berriak eta teknologia izaerako azpiegitura handiak sortu ahal izango dira.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, programa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskaerak Eusko Jaurlaritzaren webgunean egingo dira.