Ekonomia -
Adegiren Eguna
Patxi Lopez: 'Obrak bertan behera uzteak garapena atzeratuko luke'
Europar Batasunak bizi duen krisiari aurre egiteko "premiazko hausnarketa lasaia" egitea proposatu du Patxi Lopezek, "noraeza konponduko duten neurriak adosteko helburuarekin".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariaren ustez, azpiegiturak egiteko obrak bertan behera uzteak "Euskadiren garapena urteetan atzeratuko luke". Egoera ekonomikoari aurre egiteko "elkarlana" beharrezkoa dela adierazi du lehendakariak.
Adegi Gipuzkoako patronalaren Enpresa Egunean izan da lehendakaria, Eduardi Zubiaurre Adegiko presidente ohiarekin eta Martín Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiarekin batera.
Europar Batasunak bizi duen krisiari aurre egiteko "premiazko hausnarketa lasaia" egitea proposatu du Patxi Lopezek, "noraeza konponduko duten neurriak adosteko helburuarekin".
Irtenbide "integralak eta integratuak" exijitu ditu lehendakariak. Bere hitzetan, Europako Banku Zentralak "arazoak dituzten herriak" lagundu behar ditu. "Premiaz egin beharko luke", gaineratu du.
Euskal Autonomia Erkidegoak "bere esku zegoen guztia" egin duela nabarmendu du Patxi Lopezek, dauzkan baliabide guztiak erabiliz. "Herri osoko meritua da", adierazi du.
Lehendakariaren hitzetan, Euskadin gauzak "ondo" egin dira, baina horrela jarraitu ahal izateko "hausnarketa" egin beharko dela berretsi du. Krisi ekonomikotik ateratzeko, "Euskadi eta Europa gehiago" behar direla esan du.
Erakunde eta eragileak "norabide berdinean elkarlanean" aritu behar direla adierazi du Patxi Lopezek. Enpresei eta enpresa-buruei "esfortzua" eskatu die, "bihar bukatuko ez duen une konplikatuan gaudelako".