Ekonomia -

Turismo datuak Euskadin

Atzerriko bisitarien gorakadari esker, pandemiaren aurreko turismo datuak gainditu dira Euskadin

Zehazki, iazko lehen seihilekoarekin alderatuta, % 3,9 igo da urtarriletik ekainera bitartean nazioarteko turismoa Euskal Autonomia Erkidegoan, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak adierazi duenez.

Atzerritarrak Bilbon. Artxiboko irudia: EFE
Atzerritarrak Bilbon. Artxiboko irudia: EFE
Atzerritarrak Bilbon. Artxiboko irudia: EFE

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreikuspenak bete egin dira. Javier Hurtadok, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak uztailaren erdialdera aurreratu zuen datu turistikoak 2019koaren antzekoak edo hobeak izango zirela; eta hala izan da. Turismoak % 4,2 egin du gora Euskadin urteko lehen seihilekoan, 2019ko aldi berarekin alderatuta; beraz, gainditu egin ditu covid-19ak eragindako pandemiaren aurreko zifrak.

Giltzarrietako bat nazioarteko turismoa berreskuratzea izan da, % 3,9 igo baita urtarrila eta ekaina bitartean 2019ko lehen seihilekoarekin alderatuta. Hala iragarri du Hurtadok ostegun honetan Añanako Gatz Harana hobetzeko proiektuan egindako aurrerapenen berri emateko egin duen aurkezpenean.

"Albiste oso ona da, sektoreak oso gaizki pasa baitu, eta udarako genituen aurreikuspenak berresten dituzte datuok", adierazi du Hurtadok. Adierazi duenez, Añanako Gatz Harana eta antzeko baliabideek, "zalantzarik gabe, turismoa sustatzen jarraituko dute Euskadin jasangarritasun turistikoaren estrategiaren aldeko apustuarekin bat".

Añanako Gatz Haranak 2 milioi euro jaso ditu Next Generation funtsetatik

Arabako gune horri dagokionez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak zehaztu du bi milioi euro jasoko dituela Next Generation Europako funtsetatik. Horri esker, ingurumena lehengoratzeko eta inguruko ibilbideak egokitzeko ekintzak garatu ahal izango dira, besteak beste "ibilerraztasuna" eta hiri-lotura hobetu, Gesaltza-Añanako harresiak sustatu eta errealitate birtualeko esperientziak garatu.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze Planari esker, Añanako proiektua Euskadiko Turismo Jasangarritasuneko lehen Lurralde Planaren parte da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak