Ekonomia -

Turismoa

Elkarrekin Podemosek salatu du Goiaren Gobernuak bi legealdi daramatzala tasa turistikoarekin "luzamendutan"

Elkarrekin Podemosek Donostiako Udalean duen taldearen iritziz, "premiazkoa" da neurri fiskal hori ezartzea, "eta beste batzuk ere bai", Gipuzkoako hiriburuko "beherapen turistikoan aurrera egiteko".

Kontxako hondartza, Lorentxo Portularrume eitb.eus-eko erabiltzaileak hartutako argazkian.
Kontxako hondartza, Lorentxo Portularrume eitb.eus-eko erabiltzaileak hartutako argazkian
Kontxako hondartza, Lorentxo Portularrume eitb.eus-eko erabiltzaileak hartutako argazkian.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkarrekin Podemosek Donostiako Udalean duen taldeak gaitzetsi du astearte honetan Eneko Goia alkateak zuzentzen duen udal-gobernuak bi legealdi daramatzala "luzamendutan ibiltzen" hirian tasa turistiko bat ezartzeko aukerarekin; halaber, "premiazkotzat" jo du neurri fiskal hori ezartzea, "eta beste batzuk ere bai", Gipuzkoako hiriburuko "beherapen turistikoan aurrera egiteko".

Haizea Garay zinegotziak, agiri baten bidez, gogora ekarri du EAJk eta PSEk osatutako Gobernuak, uztailaren 21ean, berak ordezkatzen duen koalizioak aurkeztutako mozioaren alde bozkatu zuela; mozio horrek, "hain zuzen ere, tasa turistikoa ezartzeko beharra aldezten zuen, tresna fiskal gisa, donostiar guztien oinarrizko beharrei erantzuna emateko baliabideak modu zuzenean berriro banatze aldera".

Ildo horretan, zehaztu du tasa turistikoaren gaineko proposamena aurreko legealditik datorrela (alegia, 2015etik 2019ra bitarteko legealditik), eta, "hain zuzen, gure aurretikoa den koalizioaren ekimena da, Irabazi Donostia taldearena". Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak zeuden azken koalizio horretan.  

"Ordutik, berretsi dugu ezarri beharra dagoela, eta Goiaren Gobernuak ez du asmorik izan horretan aurrera egiteko", nabarmendu du Garayk. Gogorarazi duenez, 2019an lortu zuten udalbatzak adostea Eusko Jaurlaritzari eskatzea onartzeko modukoa zela "legezko baliabide bat Udalak aukera izan zezan tasa turistikoa ezarri eta diru-kutxetan sartzeko. Baina lau urte hauetan, ez dute ezer egin".

Turismoak Donostian duen eraginaren aurrean, "eta kontuan izanik ezinbestekoa dela hausnarketa egitea baliabide naturalen eta egungo sistemako pilatze-ereduen gainean", Garayk, uztaileko bilkuran, adierazi zuen Udalak abiatu beharko lukeela "hirian beherapen turistikoa izateko plana, eta, halaber, turismo-promozioa diruz babesteari utzi beharko liokeela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Donostia bideoak Eneko Goia argazkiak Turismoa Euskadi albisteak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea