Ekonomia -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Denis Itxaso: "Arduragabekeria da" PPk energia aurrezteko lege-dekretuari dagokionez erakutsitako jarrera

Nuñez Feijook "Casadoren estrategia suntsitzaileari" eusten dio, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren esanetan. "Gizarteak ulertzen du energia aurrezteko neurriak hartu behar direla", nabarmendu du.

Denis Itxaso, artxiboko irudian. Argazkia: Euskadi Irratia.
Denis Itxaso, artxiboko irudian
Denis Itxaso, artxiboko irudian. Argazkia: Euskadi Irratia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariaren iritziz, "arduragabekeria da" PPk energia aurrezteko lege-dekretuari dagokionez erakutsitako jarrera. Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan izandako elkarrizketa batean adierazi duenez, Itxasok uste du Alberto Nuñez Feijook PPko presidenteak Pablo Casado alderdiko aurreko presidentearen "estrategia suntsitzaileari" eusten diola. Gizarteak, aldiz, "ulertu egiten du energia aurrezteko neurriak hartu behar direla", nabarmendu du.

"Ikusiko dugunaren erakuslea da, bai eta ikusi dugunaren erakuslea ere"; horrela deskribatu du Itxasok PPk energia aurrezteko dekretuaren bozketan ostegun honetan izango duen jarrera. Haren esanetan, itxaropena zen Alberto Nuñez Feijoo alderdi horretako liderra izateak aldaketa bat ekartzea, "beste ardura-maila bat", baina ez da halakorik izan: "Ezezko biribila ematen diete neurriei, horiei ezagutu gabe ere. Une latz hauetan", esan du, indarrean dagoen legealdiaren gainean, pandemia eta Ukrainako gerra gogoan izanik, "PPk arduragabekeria erakutsi du", agerian utzi du, haren iritziz, "ez dela alternatiba".

EAJk, aldiz, baiezkoa emango dio dekretuari, eta, esan duenez, "erantzukizunagatik" egingo du: "Erantzukizuna ezinbestekoa da", esan du Itxasok, "gizarteak ulertzen du energia aurreztu behar dugula. Irekita dago epea erkidegoek proposamenak egiteko, lege-proiektu gisa eztabaidatuko dugu", zehaztu du. Orain, azpimarratu duenez, dekretua adostu eta lantzeko garaia da: "Hor, neurri asko daude", gogorarazi du.

EH Bilduk eta ERCk aurreratu dute ez dutela oztopatuko ekimenaren tramitazioa, baina ez dute argitu baiezko botorik emango duten: "Azken unera arte, talde batzuek ez dute esaten zer bozkatuko duten; eta hori zilegia da", onartu du, modu bai baita alderdiek euren botoek duten garrantzia islatze aldera.

"Neurriak premiazkoak ziren, Europar Batasunak aurrezpen-maila bat eskatu zion Espainiari, % 8-9koa, eta Ministroen Kontseiluak dekretua onartu zuen. Ikusi da eragina izan duela, energia-kontsumoak abuztuan behera egin baitu, turismoak gora egin duen arren, eta orain badago epea dekretu hori aberasteko eta hobea izan dadin", gehitu du.

"Espainiako Gobernuak ez du baztertu gas-etenik egotea", azaldu du, "Europak eszenatoki guztiak aztertu behar ditu. Gas-murrizketak egon litezke, eta ez dago inprobisatzerik".

Eskumenen transferentziak

Horrez gain, Itxasok, elkarrizketan, Gernikako Estatutuan zehaztuta dauden eskumenen transferentzia izan du hizpide. Esan duenez, "uztailaren amaieran, bilera egin zuten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, gainbegiratzeko. Legealdi honetan, gai horrek garrantzi handia izan du, hamaika eskumen transferitu dira. Ez dago paralisirik", argudiatu du, kontuan izanik bi Gobernuak lanean ari direla: "Datozen hilabeteetan, aurrerapausoak emango dira, eta emaitzak ikusiko ditugu".

Hurrengo hilabeteotan argituko duten beste gai bat da Abiadura Handiko Trena; galdetu diotenean EAEren eta Nafarroaren arteko lotunea non egongo beharko litzatekeen, Itxasok eskatu du itxarotea txosten teknikoak zer dioen jakin arte: "Ordezkaria naizen aldetik, ez dagokit niri hori esatea", adierazi du.

Frantziako Poliziak Biriatuko mugan egiten dituen kontrolak, EAEko agintari batzuen iritziz, "arrazistak" dira, selektiboak. Horren gainean, Itxasok azpimarratu du Espainiako Gobernuak, "behin eta berriz", adierazi duela "Schengen akordioa errespetatu" behar dela. "Pandemiagatik erabakitako neurri batzuk gehiegi ari dira luzatzen", onartu du, baina nabarmendu du Frantziako agintarien erabakiak errespetatzen dituztela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Sozialista Alderdi Popularra Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua argazkiak Ekonomia berriak Denis Itxaso Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Alberto Núñez Feijóo Energia aurrezteko neurriak gaur