Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Garbiñe Aranburu: "Langileok ez dugu zulo gehiago gerrikoan estutu ahal izateko"
LAB sindikatuko koordinatzaile nagusiak adierazi du langileek ezin dituztela beren gain hartu eskatzen zaizkien ahaleginak. Era berean, sindikatuek trantsizio ekologikoaren edo errenten itunaren eztabaidetan duten zeregina aldarrikatzen du.
O. P. | EITB Media
Ziurgabetasunez betetako testuinguruaren aurrean, Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko koordinatzaile nagusiak sindikatuak ikasturte berriari aurre egiteko dituen ziurtasunak azpimarratu nahi izan ditu gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Lehenengo ziurtasuna da "azken urteak oso gogorrak izaten ari direla langileentzat eta ez dugula gerrikoan zulo gehiagorik estutzeko". Sindikatuak udaberrian aurkeztutako txosten baten arabera, gogorarazi du langileek batez beste galdutako eros-ahalmena 6.000 eurokoa zela, eta hori kontuan hartuta, nabarmendu duenez "langileak ez gaude prest eta ezin ditugu gure gain hartu eskatzen zaizkigun ahaleginak".
Aranburuk zehaztu duen bigarren ziurtasuna egoeraren konplexutasunari buruzkoa da: "Ez dago konponbide magikorik, baina gaiaren muinera jo behar da, eta zalantzan dagoena agortuta dagoen sistema kapitalista da". Azpimarratu du egoerak "egiturazko neurriak" hartzea eskatzen duela eta trantsizio ekosozialista eta feminista bat diseinatu behar dela, "krisi klimatikoari eta aberastasunaren banaketari buruzko eztabaidari bere osotasunean heltzeko". Sindikalistaren arabera, eztabaida hori "eliteetan diseinatzen ari da".
Hirugarren ziurtasun bat ere aipatu du idazkariak, "greben eta mobilizazioaren bidea" dela "langileriaren egoerak okerrera egin ez dezan eta eskubideak gal ez daitezen sindikatuak ikusten duen bide bakarra".
Errenten ituna posible ote den galdetuta, Aranburuk uste du lehenik eztabaidaren esparrua bera "ondo kokatu" beharko litzatekeela. "Aberastasuna modu ekitatiboan banatzeko eztabaida da ireki behar dena. Horrek, noski, soldatez eta zerga politikak berritzeari buruz hitz egitea dakar", bere ustez, baina, ez dago une honetan "termino horietan patronalaren eta sindikatuen arteko akordioetarako aukera handirik".
Aurrekoaren harira, deitoratu du "Jaurlaritzaren eta erakundeen zeregina aberastasuna modu bidezkoagoan banatzearen alde egitea" izan beharko litzatekeela; aldiz, "Iñigo Urkulluk, errenta-itun baten beharraz hitz egiten digunean, langileoi adierazi nahi diguna da langileok eros-ahalmenaren galera bat onartu beharko dugula". Horren aurrean berretsi du, sindikatuak ez duela KPIaz azpiko soldatarik onartuko.
KPI altuaren aurrean soldatak egoikitzeko enpresa batzuek izan ditzaketen zailtasunen aurrean, azaldu duenez "beti aurki daitezke formulak", baina argi utzita, hitzarmenek KPIaren araberako soldatak bermatu behar dituztela dio, eta ez eros-ahalmenaren galera batera bultzatu. "Langileoi gero eta tarta zati txikiagoa iristen zaigu sortzen den aberastasun horretatik".
Era berean, salatu du LAB sindikatuak ez duela Arantxa Tapia sailburuak iragarritako energia-planaren berri izan, "eta ez duela ekarpenik egiteko aukerarik izan". Ildo horretan, krisi klimatikoari aurre egiteko sindikatuek duten zeregina aldarrikatu du; izan ere, Aranbururen ustez, gaiari osotasunean heltzeak "ekoizpen-ereduari buruz hitz egitea ekarriko du, zer enplegu beharko diren eta zein ordeztu ahal izango diren ikustea", eta eztabaida horiek sindikatuekin ere egin behar direla uste du.
Bestalde, Aranbururen ustez, Espainiako Gobernuak onartutako etxeko langileentzako langabeziarako subsidioaren neurria aurrerapausoa da, baina "berandu iritsi da eta partziala da"; izan ere, bere ustez, pertsona horiek Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean sartu beharko lirateke. Hori dela eta, sindikatuak sektore horretan hitzarmen kolektiboa lortzeko lanean jarraituko duela adierazi du.