Ekonomia -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

Azpiazu ziur agertu da Euskadin ez dela atzeraldi ekonomikorik izango, "sendo baitago"

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren arabera, abuztura arteko datu ekonomikoek 2022ko kontuak positiboan itxiko dituztela pentsarazten dute. 2023ko hazkundea aurreikusitakoa baino baxuagoa izango dela aitortu arren, % 2aren gainetik egongo dela azaldu du.

Pedro Azpiazu, gaur. Argazkia: EITB Media
Pedro Azpiazu, gaur. Argazkia: EITB Media
Pedro Azpiazu, gaur. Argazkia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ziurgabetasun ekonomikoaren erdian, Euskadik baditu baikor egoteko arrazoiak, hazkunde ekonomikoari begira. Hala esan du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Horren hitzetan, "Euskadi sendo dago" eta "atzeraldirik ez da izango", "etorkizuna idatzi gabe" dagoela aitortu badu ere.

Abuztura arteko datuak aztertuta, 2022. urteko hazkunde ekonomikoa % 4 ingurukoa izatea aurreikusten du Jaurlaritzak. "2023a beste kontu bat izango da", zehaztu du. Izan ere, datorren urterako ere, % 4tik gorako hazkunde aurreikuspena egina zuen Azpiazuren sailak, baina "jakin badakigu baxuagoa" izango dela, "inguruko ekonomiak eragin zuzena baitu gugan". Halere, 2023ko hazkundea % 2aren gainetik egongo dela azaldu du sailburuak.

Ingurumari horretan murgilduta egokituko zaio aurten Jaurlaritzari datorren urteko aurrekontuak prestatzea eta aurrera ateratzea. Proposamenaren lanketan buru-belarri ari da Azpiazuren lantaldea, eta, zalantzarik gabe, inflazioaren gorakadak eragin nabarmena izango du diruaren banaketan. Inbertsioen atalean "ahalegin garrantzitsua" egingo dutela azaldu du Ekonomia arduradunak, eta, besteak beste, parez pare duten "erronka demografikoari aurre" egiteko eta "gure eskumenak" finantzatzeko neurriak hartzearen beharra aipatu du. "Joko arauak errespetatuz, oreka eta jasangarritasuna bilatuko ditugu", gehitu du.

Prestatuko duten proiektua Eusko Legebiltzarreko talde guztiekin partekatuko dutela eta ekarpenak negoziatzeko prest daudela adierazi arren, azpimarratu du herritarrak lasai egon daitezkeela, "gehiengoa dugulako eta Euskadik aurrekontuak izango dituelako 2023an".

Errenten ituna ere izan du hizpide Azpiazuk. Inflazioa goia jota dagoen honetan, eragile sozialak eta ekonomikoak adostasun batera iristea ezinbestekoa iritzi dio. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan duen "jarduteko gaitasuna oso mugatua" dela esan du.

Azkenik, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeak eta Enplegu ministroak inflazioari aurre egin asmoz oinarrizko elikagaien prezioa mugatzeko egin duen proposamena "oso arriskutsua" dela uste du, eta ekimenari desabantaila gehiago ikusten dizkio abantailak baino.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak