Ekonomia -
parlamento en las ondas
Parke eolikoa enpresa publiko batek kudeatu dezala eskatu du Podemos-IUk, eta nuklearren alde agertu da PP-C's
EH Bilduk ukatu egin du Statkraft enpresaren parke eolikoak babestuz 180 graduko bira eman izana. Bestalde, Elkarrekin Podemos-IUk enpresa publiko baten bitartez egin dadila aldarrikatu du, eta PP-C's eta Voxek energia nuklearra ez baztertzeko eskatu dute.
eitb media
Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek begi onez ikusten dute Statkraft enpresa eoliko norvegiarrak bi parke eoliko eraikitzeko aurkeztutako proiektua, energia berriztagarriei bultzada emateko. Jose Antonio Suso EAJko legebiltzarkideak Radio Euskadiko 'Parlamento en las ondas' saioan nabarmendu duenez, "Euskadin inbertitzera etorri nahi duen enpresa norvegiarra da, Euskadin energia beharra dagoela ikusi duena, energia gerrako arma bilakatzen ari den testuinguru batean". PSEtik, Ekain Ricok "berri ontzat" hartu du proposamena, eta gogorarazi du "Mariano Rajoyren lehengusuak klima aldaketa hainbesterako ez zela" esan ziola, eta "eguzkiaren gaineko zerga" ezarri zuela horrek.
Bestalde, EH Bilduko Mikel Oterok proiektuaren inguruko nondin norako gehiago ezagutzearen alde egin du, eta ukatu egin du bere taldeak "180 graduko bira" eman izana energiari dagokionez. Haren ustez, "norvegiar enpresa publikoak berritasun bat azaldu du: modelo publiko, pribatu eta komunitario bat esploratzea". Elkarrekin Podemos-IUk ere egin du energia berriztagarrien alde, baina energia enpresa publiko baten bitartez egin dadila eskatu du. Isa Gonzalez legebiltzarkideak azpimarratu du parke eolikoak instalatu daitezkeela, "betiere ingurumenaren babeserako legeak errespetatzen badira eta, gainera, herritarrek instalazio horiek nahi dituztela erabakitzen badute".
PP-Ciudadanos koaliziotik, Jose Manuel Gilek berriztagarrien alde egin du, baina energia nuklearra baztertu gabe. Haren aburuz, jende askok ez du energia hori gustuko "ezagutza eza eta informazio nahasgarriak direla eta". Nabarmendu duenez, "Europako Batzordeak berde gisa izendatu du, energia iraunkorra delako, eta CO2 isuririk gabekoa". Amaia Martinez VOX taldeko legebiltzarkideak, berriz, "Espainiako auto hornikuntza energetikora" bideratutako plan bat proposatu du, "energia iturri berriztagarriak lehenetsiz eta gasa edo energia nuklearra bezalako baliabide propioekin nazio mailako subiranotasun energetikoa lortzeko".