Ekonomia -
EITB DATA
Euriborra hipotekadunak itotzen hasi da
Inflazioa gorantz doala, Europako Banku Zentralak interes-tasak handitu behar izan ditu prezioen igoerari eusteko. Hala ere, igoera horrek Euriborra eta, ondorioz, hipoteka aldakorrak haztea eragin du.
I. R. | EITB MEDIA
Abuztuan, aurreko hilaren aldean bi hamarren jaitsi den arren, inflazioak markak hausten jarraitzen du Espainiako Estatuan eta eurogunean, duela ia lau hamarkadetako daturik altuenean kokatzeraino. Gurean, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 10,3 eta % 11koa izanik Euskadin eta Nafarroan hurrenez hurren, prezioek gora egiten jarraitzen dute, eta, ondorioz, Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak handitu behar izan ditu igoera hori geldiarazteko; uztailean ehuneko puntu erdi igo zuen, eta irailaren 8an gauza bera egin zuen berriro, % 1,25eraino.
Interes-tasak igotzea da EBZk inflazioa geldiarazteko duen neurrietako bat. Izan ere, mailegu bat itzultzea zenbat eta garestiagoa izan, orduan eta eskaera txikiagoa izango da, ekoizpena jaitsi egingo da eta prezioak egonkortu egingo dira, teorian behintzat.
Hala ere, interes-tasen igoera horiek zuzenean eragiten dute Euriborrean, hau da, Espainiako Estatuko hipoteka gehienetarako erreferentziazko adierazlean. Horrek gora egiten jarraitzen du, irailean % 2,156ko batez besteko tasara iritsi arte, eta igoera horrek hipoteka aldakorren kuotak berriro garestitzea ekarri du; izan ere, duela urtebete, 2021eko irailean, Euriborra % -0,42an zegoen.
Asufin finantza-erabiltzaileen elkarteak egindako kalkuluen arabera, gehikuntza horren ondorioz hipotekak 1.000 euro garestitu dira urtean, erreferentzia gisa 100.000 euroko mailegu bat hartzen bada, 25 urteko amortizazio-epearekin eta erakunde bakoitzak bezero bakoitzari kobratzen dion diferentziala gehi % 2ko Euriborrarekin.
Ziurgabetasunezko egoera horren aurrean, gero eta gehiago dira tasa finkora aldatzea baloratzen duten hipotekatutako pertsonak. Are, Nadia Calviño Espainiako Gobernuko Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako ministroak orain gutxi gogorarazi zuen 2019tik mailegua aldatzeko hainbat aukera daudela, besteak beste, subrogazioa eta berritzea.
Urteko lehen hiruhilekoan, interes-tasa finkoa duten sinatutako hipoteka kopuruak ia tasa aldakorrarekin berdindu ziren; % 47,2 tasa finkoko hipotekak izan dira, eta % 52,4 tasa aldakorrekoak. Hala ere, Euriborra esprint betean dagoela, finantza-erakundeak hipoteka finkoak sustatzeari eta eskaintzeari uzten ari dira, kasu batzuetan % 3,6 UTB gainditu baitute. Hartara, egoera baretu arte itxaron beharko dute interesatuek hipoteka-aldaketa egin ahal izateko eta, horrela, maileguaren baldintzak arintzeko.