Ekonomia -

EITB DATA

Inflazioaren enbatari eutsi ahal izango dio aurrezki pribatuak?

2022ko lehen zortzi hilabeteetan, pandemian galdutako enplegua nabarmen suspertu da, eta langabezia izugarri murriztu. Era berean, finantza-posizio pribatua hobea da 2008ko krisia iritsi aurretik baino. Bi elementu horiek lagungarri izan daitezke ate-joka dagoen krisiari aurre egiteko.

Aurrezki pribatua 2008ko krisiaren aurrekoa baino handiagoa da. Argazkia: EITB MEDIA
Aurrezki pribatua 2008ko krisiaren aurrekoa baino handiagoa da. Argazkia: EITB MEDIA
Aurrezki pribatua 2008ko krisiaren aurrekoa baino handiagoa da. Argazkia: EITB MEDIA

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia Europa osoan inflazio-egoera orokortuta dagoela, eta kontsumitzaileen ezkortasuna eta hazkunde ekonomikoaren beheranzko aurreikuspenak izanik, ziurgabetasuna da nagusi gizartean. Hala ere, zerumuga gris horren aurrean, badira positiboak diren adierazle batzuk Euskadin eta Nafarroan, atarian dugun krisiari aurre egiteko egoera "onean" jartzeko aukera ematen dutenak, EITB DATAk egindako analisiaren datuen arabera.

Pandemiak eragin handia izan zuen enpleguan Hego Euskal Herrian, eta langabeziak gora egin zuen 2020an; hala ere, hurrengo urtean, 2021ean, normaltasuna berreskuratuta, egoera bere onera itzuli zen, eta 2022ra oso datu positiboekin iritsi zen, 2019koak baino hobeak, uztailera arte behintzat.

Abuztuan, bilakaera positibo hori moteldu egin zen, eta hori ohikoa izaten da urtez urte, afiliazio-bolumena urteko batez bestekoa baino % 1 txikiagoa izaten baita hilabete horretan. Baina 2022an, joan den hilabetea okerragoa izan da, langileen % 1,5 gutxiagorekin, nahiz eta kontuan izan behar den urtarrila-uztaileko datuak ezohikoak izan zirela.

Horregatik, pandemiaren eraginaren ondoren berreskuratutako enplegu-oinarria izanik, EAEko eta Nafarroako ekonomia egoera "onean" dago datorren krisiari aurre egiteko. Era berean, agerian geratu da covid-19ak eragindako atzeraldiaren aurrean, Hego Euskal Herriko ekonomia- eta enplegu-ehuna suspertzeko gai izan dela. Izan ere, aurtengo abuztuan langabeziak gora egin duen arren, aurtengo urtarriletik abuztura bitarteko batez besteko balioak Euskadi 2019an erregistratutakoak baino maila txikiagoetan utzi du, eta Nafarroa urte horretako antzeko balioetan.

Zor pribatu gutxiago…

Egoera horren aurrean, kontuan hartu beharreko beste adierazleetako bat da zor pribatuaren bolumena, 2008ko krisiaren aurretik ezarritakoa baino txikiagoa dena gaur egun. Garai hartan, atzeraldiak higiezin- eta finantza-osagai garrantzitsuak izan zituen, eta agerian utzi zuen zorpetze pribatuaren maila handia, familiakoa zein enpresakoa.

2009az geroztik, finantza-palanka efektua murrizteko prozesu bat gertatu da, kreditu-bolumen osoa txikitzeko; horrela, gaur egun, Euskadin ( % -25,5), Nafarroan ( % -33,3) eta Espainiako Estatuan ( % -32,5) zorra 2008ko krisiaren aurretik erregistratutakoa baino askoz txikiagoa da. Hala, sektore pribatuak, gutxiago zorpetuta, krisi ekonomiko bati aurre egiteko gaitasun handiagoa du une honetan.

…eta finantza-gihar gehiago

2008ko krisiaren eta pandemiaren ondorioz, familiek eta enpresek aurreztera behartuta ikusi dute euren burua, azken urteotako ordainsaria txikitu arren. Horrela, sektore pribatuak baliabide gehiago ditu gaur egun, eta 2008an kredituak banku-aurrezkiaren gainean zuen portzentajezko pisua balio hori baino % 100 handiagoa izatetik txikiagoa izatera igaro da 2022an.

Adituen arabera, elementu horiek inflazio handiak eta energia-prezio altuek markatutako udazkenaren enbidoari aurre egiten lagunduko dute, "baina horrek zeharkako soluzio partekatuak behar ditu, eta epe labur, ertain zein luzekoak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EITB Data Energia aurreztea