Ekonomia -
Euskal Autonomia Erkidegoa
Hezkuntza Sailak merezimendu bidezko Lan Eskaintza Publikoa deitu du 3.178 lanposturekin
Interesadunek urriaren 3tik 31ra bitartean aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Honako hauek hartuko dituzte kontuan: irakasle gisa duten eskarmentua, prestakuntza akademikoa eta aukeratutako espezialitatearen eskaintza publikoren bat gainditua edukitzea.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur argitaratu du irakasleriari zuzendutako merezimendu bidezko Lan Eskaintza Publikoa (LEP). Jaurlaritzak 3.178 lanpostu eskainiko ditu, eta interesdunek urriaren 3tik 31ra izango dute eskaerak aurkezteko, Jokin Bildarratzek zuzentzen duen sailak ohar batean jakinarazi duenez.
3.100 plaza pasatxo horietatik, ia erdia (1.532) Bigarren Hezkuntzako irakasleei dagozkie, eta 1.289, maisu-maistren kidegoari. Gainerakoak Lanbide Heziketako irakasle teknikoenak dira (260 plaza), eta, neurri txikiagoan, Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleenak (44) edota musika eta arte plastikoetako maisu-maistrenak (22na).
Irakasleek euren merezimenduak aurkeztu beharko dituzte aipatutako epean. Baloratuko direnen artean honako hauek daude: irakasle gisa duten eskarmentua (gehienez zazpi punturekin), prestakuntza akademikoa (asko jota, hiru puntu) eta aukeratutako espezialitatearen eskaintza publikoren bat gainditua edukitzea (bost puntu, gehien jota).
Hezkuntza Sailak zehaztu duenez, urtea amaitu baino lehen, beste bi deialdi argitaratuko ditu: irakasleen oposizio lehiaketari dagokiona, eta langile lan-kontratudunen merezimendu-lehiaketari dagokiona (Hezkuntza Berezia eta Sukalde eta Garbiketakoak), 4.000 plaza ingururekin.