Ekonomia -
BBVA Research-en txostena
BBVA Researchek % 1era jaitsi du 2023rako aurreikusitako hazkunde ekonomikoa
Inflazioa da mehatxu nagusia, baina muga jo duela iritzi dio. Hala ere, 2022an Espainiako ekonomiarako hazkunde aurreikuspena % 4,1etik % 4,4ra igo du erakundeak.
eitb media
Espainiako Barne Produktu Gordina (BPG) % 4,4ra arte haziko da 2022an, BBVA Researchen aurreikuspenen arabera (duela hiru hilabete % 4,1 aurreikusi zuten). 2023ko hazkundea, baina % 1,8tik % 1era murriztu du.
Hala adierazi du BBVA Researcheko zuzendari eta BBVA Taldeko ekonomialari buru Jorge Siciliak, datozen hiruhilekoetarako aurreikuspen berriak aurkezteko ostegun honetan egindako prentsaurrekoan.
Erakundearen arabera, datuei erreparatuz gero, susperraldiaren ahultzea nabari da azken hilabeteetan, eta, ondorioz, 2022ko hirugarren hiruhilekoan jarduera geldotu egin da. Hurrengo hiruilekoetarako ere egoera bera aurreikusi du, edota zertxobait gehiago murriztu daitekeela uste du, ziurgabetasunaren, inflazioaren eta interes-tasen igoeraren ondorioz.
Espainiako Bankuak ere bat egin du aurreikuspen horrekin; izan ere, jarduera ekonomikoa okerrera egiten ari zela berretsi zuen joan den astean, eta 2023rako hazkunde aurreikuspena % 1,4ra jaitsi zuen.
Geldialdia laburra izango da, eta datorren urtearen hasieran iritsiko da
Dena dela, erakundeak uste du geldialdia laburra izango dela, eta susperraldia datorren urteko lehen hilabetetatik aurrera iritsiko dela. "Geldialdiak denbora gutxi iraungo duela aurreikusten dugu, zenbait faktoreren eraginez", adierazi du Rafael Domenech BBVA Researcheko ekonomia azterketa arduradunak.
Txostenaren esanetan, familiek eta enpresek maila hobea dute interes tasen igoeren aurreko zikloarekin alderatuta, eta aktiboak handitu eta pasiboak murriztu dituzte; aldi berean, konfinamendu aldian metatutako aurrezkiek sendo jarraitzen dute, eta inbertsioa "Next Generation EU" Europako funtsei esker helduko dela dio.
Inflazioak muga jo du, baina maila altuetan mantenduko da oraindik
BBVA Researchen esanetan, inflazioak goia jo du, baina oraindik maila altuan mantenduko dela iritzi dio. Ildo horretan, ekonomia adituek gorantz berrikusi dute KPIaren batez besteko aldakuntzaren aurreikuspena 2022an, % 7,9tik % 9,3ra; eta % 3,2tik % 4,9ra, 2023an.