Ekonomia -
Abeltzaintza
6.000tik gora esne-behi hil dituzte EAEn, prezioen igoeragatik
Abeltzainek azaldu dutenez, pentsuen salneurria % 80 hazi da azken hilabeteetan, eta esnearekin ekoizpen gastuei ezin erantzunda, haragia salduta gehiago irabazten dute.
M. D. | EITB Media
Urtebetean, esnetarako ustiatzen diren 6.159 behi hil dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzainek, pentsuen eta beste lehengaien prezioaren igoerari ezin aurre eginda. Behien ustiatzaileek azaldu dutenez, litro bat esnearen truke ezin diete ekoizpen gastuei aurre egin, eta haragia salduta diru gehiago eskuratzen dute.
2021eko maiatzean 24.106 esne-behi zeuden EAEn, eta urtebetera, 20.570era jaitsi zen kopurua. Esnetarako ustiatzen diren behien hilketak ez dira gelditu, abeltzainek haragia saltzea nahiago dutelako, eta 2022ko urrirako, 17.947 zeuden.
Izan ere, azken hilabeteetan, % 80 hazi da pentsuen salneurria. Argindarraren eta gasaren fakturek ere gora egin dute, eta ondorioz, esnea salduta eskuratzen dutenarekin, ezin dituzte ekoizpen gastuak kubritu. Hilabeteko esne entregak % 9 jaitsi dira, azken hamarkadako minimora iritsita.
Pentsuena ez ezik, beste lehengaien salneurrietan ere igoera nabarmenak izan dira azkenaldian. Artoarena bikoiztu egin da, 60 €/t-tik 120 €/t-ra, eta alpapa 210 €/t izatetik 300 €/t izatera igaro da. Gainera, belarra % 1,5 garestitu da.
Karlos Ibarrondo Euskal Nekazarien Batasunaren (ENBA) Bizkaiko presidenteak ETBko Egun On Euskadi saioan azaldu duenez, ez dira bakarrik behiak hiltzen ari, baita txerriak eta oiloak ere, eta ondorioz, supermerkatuetan produktuak falta dira. "Ekoizpena arriskuan jartzen denean, produktuak salmenta puntuetara heltzeko arazoak daude", esan du Ibarrondok.
Bere ustez, abeltzainen "biziraupenerako" erabakia da "kaja egitea, dirua egitea", baina, edozein kasutan, "kontraesan" handia da esnetarako hazitako behiak haragirako hiltzea.
Saltokietan desagertzeko arriskuan dauden produktuen artean arrautzak aipatu ditu ENBAko abeltzainak. "Ez daude. Herriko supermerkatuan, arrautzen atala hutsik agertzen da. Oilo asko hil direlako", gehitu du.
ENBAko arduradunak ez du "ilunaldi honen amaiera" gertu ikusten, baina onartu du Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek "diru kopuru garrantzitsua" bideratu dutela abeltzainen arazoak arintzeari. "Hori gabe, egoera askoz larriagoa litzateke", esan du.