Ekonomia -

Lan gatazka

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek beste bost greba egun deitu dituzte

Hain zuzen ere, azararen 28tik abenduaren 2ra egingo dituzte lanuzteak. ELAk ez du baztertzen greba mugagabea deitzea, eta deialdiak "xantaia" direla salatu du patronalak.

Manifestazio. Foto: EITB Media
Manifestazio. Foto: EITB Media
Manifestazio. Foto: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko metalgintzak, lurraldeko sektore garrantzitsuenak, greba gehiago egingo ditu hurrengo asteetan, gaur sindikatuek eta patronalak egindako bilerak porrot egin baitu.

CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek azaldu dutenez, gaurko hitzordu berrian ez dira jazo negoziazioan espero ziren "emaitzak".

Gaurko bilera baino lehen, ohartarazi dute "aurrerapauso argirik" ezean, astebeteko greba deialdia egingo dutela sektorean, azaroaren 28tik abenduaren 2ra. Asteazkenean, prentsaurrekoa eskainiko dute lanuzteak baieztatzeko.

Horrela, Bizkaiko metalgintzan egindako sei greba egunei gehituko zaizkie —horietako hiru, uda aurretik, eta azken hirurak, urriaren 27an eta 28an eta azaroaren 2an.

Sindikatuek berretsi dute ez dutela onartuko lan baldintzak okertzea, eta erosteko ahalmena galtzea.

ELAk gainerako sindikatuetatik bereizita negoziatzen du, eta ziurtatu du gaurko bileran patronalak "bere itsutasuna eta erantzukizun falta" erakutsi duela, "langileekiko probokazioa" den proposamen batekin.

ELAk KPIaren araberako soldata igoerak urte bakoitzeko defendatzen ditu, taula eta soldata errealetan, baita zortzi orduko lanaldi murrizketa ere.

Datozen egunetan, Bizkaiko metalgintzako ordezkariak bilduko dira erabakiak hartzeko, greba egunak nabarmen ugaritu behar direla "sinetsita", greba mugagabea baztertu gabe.

Bestalde, FEVM patronalak zehaztu du gaurko bileran, bosgarrenez, bere proposamena aldatu duela, eta tauletan % 16rainoko soldata igoera eskaintzen duela.

Igoera hori honela banatzen da 2022-2025 epean: % 6,5, 2022an; % 2,5, 2023an; % 2, 2024an eta % 2, 2025ean. Zifra horiek % 3 gehiago igo daitezke, aldi horretan metatutako KPIak % 13tik gorakoak izanez gero. Hala eta guztiz ere, KPIak % 16 gaindituko balu, gainerako zenbatekoa bi ordainsaritan ordainduko litzateke 2026an.

Patronalarentzat, soldaten arloko azken eskaintza hori beste lurralde batzuetan —Araban, adibidez— sinatu diren eta gehiengo sindikalaren adostasunarekin aurrera atera diren hitzarmenetatik oso hurbil dago.

Era berean, sindikatuen "xantaia estrategia" salatu du, bere ustez, "hauteskunde helburuei erantzuten dielako, akordioak lortzeko benetako asmoei baino gehiago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia ELA LAB Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak CCOO UGT Lan gatazkak Industria ESK Metalgintza