Ekonomia -

Garraio publikoa

EAEko erakundeak, garraio publikoetako % 50eko beherapena gutxienez ekainera arte luzatzeko prest

EAEko erakundeen nahia da hiritarrek autobusak, Euskotreneko trenak edo Bilboko metroa erabiltzeagatik erdia ordaintzen jarraitzea, lehen seihilekoan behintzat, baina ez dago argi nork hartuko duen bere gain beste erdia; Espainiako Gobernuak ez du iragarri bere dirulaguntzarekin jarraituko duenik.

Grafikoa: EITB.
Grafikoa: EITB.
Grafikoa: EITB.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek irailetik daramate garraio publikoagatik erdia ordaintzen; neurri hori inflazioari aurre egiteko ezarri zuten, eta abenduaren 31ra arte dago bermatuta. Hala, epe hori amaitzeko hilabete baino apur bat gehiago geratzen dela, galdera da ea 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera EAEko herritarrek dirulaguntza horretaz gozatzen jarraitzeko aukera izango duten.

Azaroaren 24an gaude, eta EAEko erakundeek, Eusko Jaurlaritzak barne, argi adierazi dute hori dela asmoa, alegia, prest daudela garraio publikoaren zenbatekoa erdikoa izaten jarraitzeko, behintzat ekainera arte. Beraz, ematen du horrela izango dela.

Hori bai; ez dago zehaztuta zein erakundek ordainduko duen herritarrok ordainduko ez dugun beste erdia. Urte amaierara arte, Espainiako Gobernuak ordaintzen du garraio publikoan egiten dugun bidaia bakoitzaren % 30, eta euskal erakundeek, aldiz, gainerako % 20 hori (% 10 Eusko Jaurlaritzak, eta % 10 Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, edo, hiri autobusetan, Udalek).

Hala ere, Espainiako Gobernuak ez du iragarri, oraingoz behintzat, % 30eko dirulaguntza hori abenduaren 31tik aurrera luzatzeko asmoa duenik; jakin badakigu Renfeko Aldirietako trenak doakoak izango direla 2023an, azken hilabeteotan bezala, baina ez dago deskonturik iragarrita Espainiako Gobernuaren eskumena ez den garraio publikorako.

Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan izandako elkarrizketa batean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak zehaztu du % 50eko dirulaguntza jartzeak 72 milioi bat euroko kostua duela, eta adierazi du Ekonomia eta Ogasun Sailak bere gain hartuko duela euskal erakundeek 2023rako erabakiko duten garraiorako dirulaguntzen finantzazioa. Ohartarazi du, baina, ez litzatekeela "zuzena" izango "irizpiderik gabe" eustea, eta aldeztu du urteko lehen seihilekoa amaituta berraztertu beharko liratekeela.

Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu dio Jaurlaritzari 2023an garraio publikoaren % 50eko deskontuak luza ditzala; laguntza horiek sei hilabeteren buruan ebaluatuko dira, eta aztertuko da laguntza horiek eragin zituzten baldintzak betetzen diren ala ez.

Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzak argi esan du prest dagoela deskontuak bere horretan jarraitzeko, eta deskontua % 50ekoa izateko. Azpiazu sailburuak, halaber, azaldu du Euskadiko Garraio Agintaritzaren eta beste erakunde batzuen eskumena dela finantzazio ehunekoa zehaztea, eta Ekonomia eta Ogasun Sailak, aldiz, "baliabideak" bilatuko dituela, "finantzazioa", gauzatzeko. Euskadiko Garraio Agintaritza abenduaren hasieran bilduko da.

Egoera, lurraldez lurralde

Egoera lurraldeka aztertuz, Arabak, 2023rako Aurrekontuan, zehaztuta du kontu sail bat deskontuekin jarraitzeko.

Egoera berean dago Gipuzkoa. Hain zuzen, 12 milioi euro ditu prest Aurrekontuan, aurreko ekitaldian halako hiru, Markel Olano ahaldun nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan nabarmendu duenez. Rafaela Romero Mugikortasun ahaldunak adierazi du % 50eko deskontuari eusteko prest dagoela, Espainiako Gobernuak erabakitzen duena erabakitzen duela.

Bizkaiak ez du, berez, zehaztutako kontu sailik garraio publikorako, baina Batza Nagusietan onartu du Foru Aldundiari eskatzea 2023an ere % 50eko deskontuak bere horretan jarraitzea, nahiz eta Espainiako Gobernuak laguntzarik ez eman. Hiriburuan, Bilbon, Udalbatzak onartu du ostegunean 2023an egun indarrean dauden deskontuekin jarraituko dutela, Bilbobusen eta Artxandako Funikularrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Espainiako Gobernua albisteak Metro Bilbao Ekonomia Bizkaibus Eguneko albisteak Albisteak Euskotren Garraio publikoa gaur Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa Arabako Foru Aldundia