Ekonomia -
Bizkaiko garraioa
Bizkaibuseko hainbat autobusi kalteak eragin dizkiete Ezkerraldean
Ezkerraldea Meatzaldea BUS (EMB) konpainiako enpresa batzordeko presidenteak zehaztu duenez, Trapagarango Aparkabisa garraio gunean aparkatuta zeuden 80-90 ibilgailuri gurpilak zulatu dizkiete.
EITB Media
Trapagarango (Bizkaia) Aparkabisa garraio gunean aparkatuta zeuden Bizkaibuseko hainbat autobusi gurpilak zulatu, eta beiretan pintaketak egin dizkiete, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ezkerraldea Meatzaldea BUS (EMB) konpainiako enpresa batzordearen arabera, Meatzaldean eta Ezkerraldean zerbitzua eskaintzen duten autobus guztien hiru laurdenetan izan dira kalteak, hots, 80-90 ibilgailutan. Hortaz, liteekena da zerbitzuan eragina izatea.
Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, Juan Carlos Gonzalez enpresa batzordeko presidenteak sabotajea gaitzetsi du eta erantsi oraindik ez dakitela nork egin duen. "Erabiltzaile bat izan liteke, hilabeteko mobilizazioen ondorioz, lanera berandu heltzearekin pazientzia galdu duena".
Gonzalezek gogor kritikatu du EMB enpresaren "immobilismo eta axolagabekeria". "Atzo langileek Bilboko sarbidearen zirkulazioa geldiarazi zuten. Horren irakurketa egin behar zuen enpresak", salatu du.
Sabotajea Ezkerraldea Meatzaldea Bus (EMB) enpresa kontzesionarioko, Bizkaibuseko handieneko, langileek atzo egindako grebaren ondotik gertatu da. Enpresa batzordeak "bidezko" lan hitzarmena eskatzeko deitutako lanuzteak "erabateko" jarraipena izan zuen, sindikatuen arabera. EMBko langileek, Bizkaibuseko Busturia Lea Artibai Bus (BLB) enpresakoekin batera, 24 orduko beste greba bat dute aurreikusita abenduaren 21erako, San Tomas egunerako, eta lau orduko lanuzteak egingo dituzte hilaren 13, 15 eta 19an.
Ez da lehen aldia Ezkerraldeko eta Meatzaldeko autobusei kalteak eragiten dizkietena. Joan den azaroaren 8an, pintaketak egin zizkieten hainbat ibilgailuri.